Urtarrilaren 18a izango da harpidetza plataforman jokatzeko azken eguna. Erabiltzaileei egindako erosketa guztien dirua itzuliko diete.
Googlekoek jakitera eman dutenez, beren hodei bidezko streaming bideojokoen zerbitzua, Stadia, itxi egingo dute: 2023ko urtarrilaren 18a izango da Stadiak funtzionatuko duen azken eguna.
2019an abian jarritako plataforma laino bidezko zerbitzuen tokia hartzeko prest iritsi zen. Aginte propioarekin eta hainbat ezaugarri berezirekin, konpetentziari aurre egiteko asmoarekin agertu ziren Googlekoak.
Phil Harrison Stadiaren zuzendariordeak eta proiektu kudeatzaileak eman du berria enpresaren blogaren bitartez: “Stadiaren streaming jokoen ikuspuntuak teknologia oinarri sendoak izan dituen arren, ez du lortu guk espero bezainbeste jokalari erakartzea, beraz, Stadia streaming zerbitzua ixteko erabaki gogorra hartu dugu.
Gogora dezagun Stadiak ez duela gainerako hodei bidezko zerbitzu gehienen sistema jarraitu: harpidetzaz gain, erabiltzaileek joko bakoitzagatik ordaindu egin behar izan dute. Hori dela eta, zerbitzua bertan behera uzteagatik diru itzultzeak egongo direla agindu dute Googlekoek: erosketa guztietako dirua itzuliko zaie jokalariei.
Diru itzultze horiek 2023ko urtarril erdialdera burututa egotea aurreikusten dute arduradunek; jokoak bakarrik ez, hardwarea ere sartzen da proposamenaren baitan. Zerbitzuaren itxierarekin batera dena konponduta egongo da, beraz.
Albistea ez da harritzekoa izan askorentzat. Googlen zerbitzuen ibilbidea ezagututa, askok urte gutxi batzuk ematen zizkioten zerbitzuari; are gehiago, iaz Stadiarako jokoetan lanean ari ziren bi talde itxi zituen Googlek. 150 bat langilez osatutako eta bi estudiotan banatutako Stadia Games & Entertainment izan zen, zehazki: Jade Raymond garatzailearen eskuetan zeuden, eta ez zuten bideojokorik argitaratu.
Kolpe gogorra dirudi Googlentzat, baina Stadiarekin sortutako eta hobetutako teknologiak enpresaren beste alor batzuetan zein gainerako erakundeei saltzeko erabiliko dituztela adierazi dute. Hori horrela, Stadiaren kontsumitzailearen atala soilik itxiko dutela pentsa daiteke; teknologiak bizirik jarraituko du, baina beste esparruetan.
Bideojokoei dagokienez, mundu honekin “konprometituta” jarraitzen dutela azpimarratu du Harrisonek. “Garatzaileen, industriako kideen, hodeiko kontsumitzaileen eta sortzaileen arrakasta sustatzen duten erremintetan, teknologietan eta plataformetan inbestitzen jarraituko dugu”.
Google Stadia urtarrileko 18an bertan behera geratuko da.
Iruzkinak