Warner Bros. Games Montreal eta Rocksteady Studios arduratuko dira bideojokoetaz.
DC Comicsen zaleek bideojokoak, filmak, telesaliak eta komikiak batu dituen DC Fandome ekitaldia izan dute ikusgai joan den asteburuan. Bertan Gotham Knights eta Suicide Squad: Kill the Justice League iragarri dituzte, Warner Bros. Games Montrealen eta Rocksteady Studiosen obra berriak, hurrenez hurren.
Gotham Knights PC, PS5, PS4, Xbox Series X eta Xbox Onean argitaratuko da; Batmanen hirian oinarritutako jokoa izango da. Halere, zaldun iluna ez da obraren protagonistetako bat izango: jokalariek Batgirl, Nightwing, Robin eta Red Hooden artean aukeratu ahalko dute.
Batman Arkham bideojokoen sagarengandik urrunduko da Gotham Knights. Bruce Wayne zendu da, eta aipatutako lau heroiek defendatu beharko dute Gotham hiria. Rocksteadyk garatutako Batmanen jokoen antzeko jostagarritasuna edukiko duela pentsa daiteke hasiera batean, baina Warnerrekoen arabera akziozko rol bideojokoa izango da.
Heroi bakoitzak bere ahalmen propioak izango ditu, eta mailaren arabera abilezia bereziak, eraso indartsuagoak eta beste hainbat aldagailu ikusiko ditugu. Etsaiekin ere berbera gertatuko da, bakoitzaren maila bizi barraren ondoan ikusiko baitugu.
Bakarka jokatzeaz gain binaka ere jokatu ahalko da Gotham Knightsera: sare bidezko partidatan beste jokalari batekin aritu ahalko gara Batmanen ikasle bezala.
2015ean argitaratutako Batman Arkham Knight izan zen Rocksteady Studiosek garatutako azken jokoa. Orain, DC Comicseko pertsonaiekin lanean jarraitzen dutela iragarri dute. Suicide Squad: Kill the Justice League 2022an PC, PS5 eta Xbox Series Xrako estreinatuko den akziozko joko kooperatiboa izango da.
Gothamekoekin gertatu bezala, Suicide Squaden jokoak lau antiheroi kontrolatzeko aukera eskainiko du: Harley Quinn, Captain Boomerang, Deadshot eta King Shark elkarlanean jarriko ditu lau jokalarirentzako sare bidezko partidekin. Bakarka jokatzeko aukera ere egongo dela baieztatu dute garatzaileek.
Xehetasun askorik eman gabe, aurkezpen trailerrean Brainiacen indarrek suntsitutako Metropolis hiria ikus daiteke. Bertan aurkitzen da eskuadroia: bere misioa Superman akatzea izango da.
Azken egunetan Rocksteady Studios sexu abusuengatik salatu dute enpresako langileek. The Guardian webgunean argitaratutako adierazpenen arabera enpresako emakumeek zirriak egiteko saiakerak eta irainak pairatu dituzte. Enpresak twitter bidez zabaldutako ohar batekin erantzun du.
Iruzkinak