Batmanik gabe, baina Batfamilia bilduta kooperatiboan ariko gara Warner Bros-ekoen jokoan.

Zaldun iluna leku guztietan ikusten gabiltza egunotan, eta ez da The Batman filmagatik bakarrik. Gotham Knights bideojokoaren argitalpen eguna ezagutzera eman dute azkenik Warner Brosekoek. Urriaren 25ean merkaturatuko dute.

Batgirl, Robin, Nightwing eta Red Hood izango dira abentura berriko protagonistak. Zuzen irakurtzen zabiltza, ez dugu Batmanik ikusiko tituluan —edo hori esan digute, behintzat—. Horren ordez, batfamiliako beste kideen artean hautatu ahalko dugu Gotham hiria esploratu eta misio desberdinak gainditzeko.

Batman Arkham saga bikainetik aldenduko da beraz Gotham Knights —ez da gauza bera gertatuko Suicide Squad: Kill the Justice League interesgarriarekin— : beste unibertso batean girotuko da abentura. Hala ere, jostagarritasun aldetik antzekotasun handiak edukiko dituela ikusi ahal izan dugu: ezkutuan aritzea ezinbestekoa izango da, nola ez, baina borroka ikusgarrak ere biziko ditugu.

Berritasunik handiena kooperatiboaren aldetik dator; izan ere, bi lagun batera ibili ahalko dira zitalak akatzen. Batmanen komikietako superbilau ezagunak ere ikusiko ditugu: baieztatutakoen artean aurkitzen da Mr. Freeze hotza. Dena dela, oraingoan garaitu beharreko arerio nagusia Court of Owls misteriotsua izango dela dirudi.

Argitaratze dataren iragarpena bakarrik ez, beta baten inguruko filtrazioa ere jaso dugu aurretik. Steam plataforman une batean ikusi ahal izan zuten jokalariek, beraz jokoa argitaratu aurretik probatzeko aukera egongo da: proba itxia edo irekia izango den ikusteko dago.

Gotham Knights urriaren 25ean helduko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetara.