PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan argitaratuko da mundu irekiko RPG abentura.

THQ Nordic argitaletxeak Gothic Remake-n argitaratze datza zehaztu du. Ekainaren 5ean kaleratuko da.

Bartzelonako Alkimia Interactive estudioa garatzen ari den jokoa 2001. urtean Piranha Bytes taldeak kaleratutako bideojokoaren berregite fidela izango da. 2020an iragarri zen ofizialki; trabaz betetako garapenaren ondoren, proiektuarekin bukatzear daude katalanak.

Myrtana erresuman kokatutako kolonia zitalera itzuliko dira berriz jokalariak. Harresi magikoarekin presondegi bilakatutako gune honetan matxinoak, aztiak, gerlariak eta bestelakoak biltzen dira. Jatorrizko titulua osorik berregin da, grafikoki, teknikoki zein mekanikoki aldaketa handiak ekarrita.

Borroka sistemetan ikusiko ditugu nabarmenenak, zeharo hobetu baitute remakean. Halere, gau eta egun ziklo dinamikoak, pertsonaien bizitza sistemak zein erabakiz betetako istorioa mantenduko dira. Aldi berean, “hedatutako misioak, errutinetan aukera gehiago zein mugikortasun abilezia berriak” aipatzen dituzte egileek.

PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da Gothic Remake; esan bezala, ekainaren 5an iritsiko zaigu.