GT Mode kanpaina baieztatu dute baita ere. 2022ko martxoaren 4an merkaturatuko da Polyphony Digital-en jokoa PlayStation kontsoletan.

PlayStation kontsoletako izar nagusietako bat izan arren, Gran Turismo 7 berriari buruzko albisteak urriak izaten dabiltza. Azkena ez dator iturri ofizialen bidez, Yodobashi Camera gailu elektronikoen kate japoniarretik baino: zaleek bertako eskuorri batean ikusi ahal izan dutenez, Polyphony Digitalen auto lasterketen zazpigarren jokoak 420 auto eta 90 zirkuitu edukiko ditu.

Ibilgailuen kopurua gaur egun halako joko batentzat nahiko arrunta den arren, lasterketak egiteko kokalekuen zenbatekoa poztekoa izan da bideojokozaleentzat. Hauek, gainera, klima eta paisai errealistak edukiko dituztela adierazten da eskuorrian: benetako Le Mans nahiz Nürburgring zirkuituak zein GTko Trail Mountain propioa nabarmentzen dira.

Ehundaka autoak inoizko kalitate handienekoak izango direla aipatzen da baita; aurreko atal batzuetan Gran Turismok testura eta poligono maila eskaseko ibilgailuak dituela salatu izan da, beraz oraingoan indar betean datozela dirudi.

Zenbakiak ez dira filtrazioan aipatutako gauza bakarra: GT Mode kanpaina bueltan dela agertzen da bertan. Gran Turismo joko mota honengatik ezaguna izanik, ez da harritzekoa; halere, ziur Kazunori Yamauchi zuzendariaren lanen jarraitzaileek pozik hartuko dutela berria, aurreko Gran Turismo Sport jokoan hau baztertu egin zutela ikusita.

GT Mode honetan autoak erosi, saldu, agiri desberdinak lortzeko erronkak gainditu, misioak egin eta nola ez, lasterketetan parte hartu ahalko da, beti bezala. Hori bai: Interneteko konexioa eskatuko du uneoro; are gehiago, Arkade joko mota kenduta, beste ezaugarri guztiez gozatzeko sarera konektatuta egon beharko da nahitaez.

Gran Turismo 7 ez dela belaunaldi berriko esklusiboa izango gogoratu beharra dago. PlayStation 5 zein PlayStation 4 kontsoletarako prestatzen dabiltza Polyphony Digitalekoak, aurreko kontsolako komunitate erraldoia ez baztertzeko asmoarekin. Gaur egun PS5 bat eskuratzea zaila dela ikusita, erabaki zuzena dela pentsa daiteke.

2022ko martxoaren 4an kaleratuko da Gran Turismo 7 PS5ean eta PS4an.