State of Play aurkezpenean auto lasterketen ordu erdiko bideoa erakutsi zuten atzo gauean. Martxoaren 4an kaleratuko da PS5-erako eta PS4-rako.

Ikusgarria. Hori da Gran Turismo frankiziaren obra berria deskribatzeko erabil daitekeen hitzik aproposena. Ondo dakite hori PlayStation-ekoek, eta atzo gauean Kazunori Yamauchi Polyphony Digital estudioko buruak zazpigarren GT-ren ezaugarri guztiak erakusteari ekin zion aurkezpen berezi batean.

Izan ere, PlayStationeko joko esanguratsuenak ezagutzera emateko balio duten State of Play ekimenaren azken atala ikusi ahal izan zuten atzo gauean bideojokalariek. Ordu erdi inguruko iraupeneko bideoa prestatu zuten GT7-rako: grafikoak, autoak, zirkuituak, joko motak eta beste hainbat atal laburbildu zituzten bertan.

Autoen zein kokalekuen kalitate maila aparta behin eta berriro nabarmendu zuten atzo. Bai lasterketa arruntetan, bai bestelako joko mota berezietan: Gran Turismo Cafe deitutako aukeran, adibidez, auto bakoitzaren historia azalduko dute, horien modelo ikusgarriekin batera; azalpenak emateaz, askotan, autoen benetako diseinatzaileak arduratuko dira. GT sagaren indarguneetako bat izan dira beti mundu hau autoen zaleei zein hasiberriei hurbilarazteko prestatutako elementuak, eta zazpigarren jokoan are gehiago sakonduko dutela dirudi.

Baina nola ez, jokoaren ardatza lasterketak izango dira, eta horiei lotuta daude autoak eta zirkuituak. Orain aste batzuk Japoniatik filtrazioa heldu zen hauen kopurua zehazten, eta atzo benetakoa izan zela baieztatu zuten zaleek: “400 auto baino gehiago” eta 34 kokalekutan banatutako 97 ibilbide batuko ditu Polyphony Digitalen lanak.

Lasterketetako ezaugarriak eta aukerak izan ziren nabarmendutako beste arloetako bat: eguraldiak berebiziko garrantzia edukitzen du autoen jokoetan, eta horrela izango da hemen. Mundu errealeko datuak erabilita lainoen portaera simulatuko du GT7-k, zirkuituetan efektu desberdinak eraginda; autoen aerodinamikan lan sakona egin dute garatzaileek, eta efektu horiek simulazio errealistagoa eratzeko balioko dute.

 

Tokiko multijokalaria aipatu beharra dago baita, ezusteko polita izan baitzen: autoen lanek joko mota hau ahaztuta utzi duten garai batean Gran Turismok honen aldeko apustua egiten jarraituko du. Japoniarrak argazkilaritzaren zale handiak izanik, argazkiak ateratzeko aukerak biderkatu egingo dira Yamauchiren jokoak: sekulako irudiak eratzeko funtzioak eta aukerak edukiko dituzte jokalariek. Lasterketetan, errepikapenetan —hauek hobetu egin dituzte, baita— zein benetako paisaietan atera ahalko dira argazkiak, eta hauek jokoaren komunitatearen artean partekatu ahalko dira.

Azkenik, DualSense agintearen ezaugarri berezientzako euskarria azpimarratu zuen garatzaileak. Ezaugarri haptikoak nahiz kolpekariak erabilita trazaduraren egitura nabaritzeko aukera edukiko dute gidariek.

Laburbilduz, sagaren zaleek gozatzeko atalean lan egiten dabiltza Polyphony Digitalekoak, edo itxura hori du behintzat; laster egiaztatu ahalko dute jokalariek. Gran Turismo 7 martxoaren 4an estreinatuko da PlayStation kontsoletan: PS5ean zein PS4an eskuratu ahalko da.