Ordu erdiko iraupena edukiko du. Polyphony Digital-ekoak garatzen dabiltzan auto joko martxoaren 4an estreinatuko da.

State of Play berria iragarri dute PlayStationekoek. Oraingoan, laster kaleratuko duten Gran Turismo 7 desiratuari zuzendutakoa izango da: etzi, otsailaren 2an egingo dute Polyphony Digitaleko japoniarren auto jokoaren aurkezpena.

PlayStation Blog-ean zehaztu dutenez, 23:00etan hasiko dute ekimena. Artikuluan ez dute xehetasun handirik eskaini; hori bai, ordu erdi baino gehiago iraungo duela azpimarratu dute. PlayStation 5 da, gainera, testuan aipatzen duten kontsola bakarra; hortaz, PlayStation 4-ko bertsioa erakutsi gabe geratuko direla suposa daiteke.

Hori horrela, Kazunori Yamauchi zuzendaria eta bere taldea prestatzen ari diren jokoaren hainbat gameplay eta berritasun eskainiko dituztela aurreikusten da. Azken filtrazioaren arabera, 420 auto eta 90 zirkuitu bilduko ditu GT7-k: Le Mans, Nürburgring eta Trail Mountain kokalekuak aipatzen zituzten bertan.

Gainera, GT Mode kanpaina bueltan dela ikus zitekeen sarean zabaldutako eskuorrian. Horiei guztiei buruz ariko dira ziurrenik martxoaren 4ko aurkezpenean.

Ekimenaren ondoren jokalariek ez dute askorik itxaron beharko Gran Turismo 7ra jokatzeko: martxoaren 4an PlayStation 5 nahiz PlayStation 4 kontsoletan estreinatuko da.