PCan nabigatzaile bidez jokatzeko aukera dago, baita mugikorretan ere: Steam bertsioa ez da hauekin bateragarria izango.

Granblue Fantasy ezaguna Steamera dator. Hobeto esanda, mendebaldean estreinatuko da: martxoaren 10ean kaleratuko du Cygames-ek Valve-n saltokian.

RPG arrakastatsuak milioika erabiltzaile biltzen ditu Asian. Nahiz eta ingelesez joka daitekeen, Android eta iOS bertsioak ezin daitezke —ofizialki— deskargatu gurean: nabigatzailetik bai goza dezakegu, ordea. Steamera eramateko erabakiarekin are publiko zabalagoarengana hedatzea bilatzen dute.

2014. urtean estreinatutako bertsioengandik aldenduko da Steamekoa, ordea: ez da bateragarria izango hauekin. Are gehiago, bertsio originalean egindako aurrerapenak eta lortutakoak ezingo dira Steamera eraman; dirudienez, hutsetik hasi beharko da partida berria.

Txandakako borrokak eta istorio sakona ardatz dituen joko honek mikroerosketak eta gacha elementuak biltzen dituela kontuan hartuta, kolpe gogorra izango da zenbait erabiltzailerentzat.

Esandakoa: martxoaren 10ean ikusiko dugu Granblue Fantasyren estreinaldia Steamen.

 

ARPGa eta borrokak ere nagusi

Joko originala oraindik ofizialki iritsi gabe egon bada ere, Granblue Fantasy nahiko ezaguna dugu etxean. Alde batetik, Arc System Works estudio japoniarrarekin elkarlanean garatutako Granblue Fantasy: Versus eta honen Rising jarraipena edo bertsio eraberritua jaso ditugu.

Horren inguruan ere berritasunak eskaini dituzte: Granblue Fantasy: Versus borroka titulu originalaren online zerbitzuak mugatzeko erabakia iragarri du Cygamesek. Apirilaren 20tik aurrera zenbait ezaugarri erabilezinak izango dira.

Borroka lehiakorrak, online partidak bilatzeko eta antolatzeko erabilitako lobby-a zein kodeak kenduko dira Arc System Works estudio japoniarraren titulutik. Gainera, errepikapenak igotzea zein jaistea edo sailkapenak ere ezabatuko dira —honek guztiak zenbait lorpen lortzea blokeatuko du—.

2023an estreinatutako Granblue Fantasy Versus: Rising zaharberrituak ez ditu muga hauek ikusiko. Jarraipen bezala izendatzen duten arren, berritasun gutxi baina esanguratsuak gehitzen dituen borroka jokoa da: mekanikak, ezaugarriak eta elementuak gehitzeaz zein aldatzeaz gain, borrokalari berriak ere gaineratzen ditu.

Hurrengoa otsailaren 10ean iritsiko da, gainera: Ilsa bere pistolekin gaineratuko da borrokalarien zerrendara. Character Pass-eko bigarren denboraldiko pertsonaia 2.50 adabakiarekin batera dator. Iazko urrian Meg gehitu zuten egileek.

Ordainpekoa bada ere, Risingek doako bertsio berezia eskaintzen du: astero aldatzen doan borrokalari bakarra hautatzeko aukera daukagu bertan, mugatutako aukerekin.

Bestalde, 2024an, kostata, merkaturatu zen Granblue Fantasy: Relink ARPG abentura ere jaso dugu mendebaldean. Bakarka zein lagunekin misioak eta erronkak betetzea proposatzen du, duelu ikusgarriekin eta gidoi landuarekin. Balorazio onak eskuratuta estreinatu zen.