Bakarkako zein taldekako abentura berriak proposatuko ditu. Switch 2ra iritsiko da lehenengoz; aurreko PlayStation eta PC bertsioak eguneratzeko aukera dago.
Cygames enpresa japoniarrak Granblue Fantasy: Relinken eduki berriak iragarri ditu. Uztailaren 9an iritsiko dira Endless Ragnarok espantsioaren baitan.
Urte luzez garapenean egon zen ARPG kooperatiboaren bigarren urteurrenean egin dute iragarpena. Premisa originala elikatzen eta hedatzen jarraituko dute garatzaileek, bakarka zein taldeka gaindi daitezkeen erronkak eta misioak biderkatuz.
Zegagrande mundua esploratzen jarraituko dugu GB Fantasy unibertsoko hainbat pertsonaia nagusi kontrolatuz; tartean, orain arte kanpoan egon diren Beatrix, Eustace, Gallanza edo Maglielle iragarri dituzte.
Jokalari bakarrarentzako Conflux izeneko joko motarekin batera kooperatiboan gainditzeko erronkak eta misioak ikusiko dituzte jokalariek —etsaien olatuak, erronka “ultra zailak” eta bestelakoak nabarmentzen dira—; nola ez, etsai zein buruzagi indartsuagoak ere azalduko dira espantsioan. Gure pertsonaiak mailaz igotzeko eta are gehiago hobetzeko maisu ezaugarriak ere aipatzen dira prentsa oharrean; bukatzeko, inbokazioak gaineratuko dira Endless Ragnaroken, jokalariak gidatuko dituen izaki boteretsuak.
Nintendo-ren kontsolara lehenengoz iritsiko da, gainera, Granblue Fantasy: Relink. Espantsioarekin batera argitaratuko du Cygamesek Switch 2 kontsolan. Bertsio originala PlayStation gailuetan nahiz PCan daukagu: ordainduz gero, aipatutako Endless Ragnaroken edukiak gehi ditzakegu.
Uztailaren 9an estreinatuko da Granblue Fantasy: Relink – Endless Ragnarok.
Granblue unibertsoa hedatuz
Azken hilabeteotan Granblue Fantasyren hazkundea ikusi dugu gure lurretan. Jatorrizko Granblue 2014. urtean kaleratu zen Japonian; milaka jokalari batzen dituen arren, mendebaldean ez dugu ofizialki ikusi oraingoz. Martxoaren 10ean helduko da, lehenengoz, Steam plataformara.
Horrez gain, ArcSystem Works talde japoniarrak ere Granblue Fantasy: Versus eta honen Rising jarraipena edo bertsio eraberritua eskaini dizkigu. Borroka jokoa dohainik joka daiteke, proba bertsioan: aukera ezin hobea daukagu beraz unibertso zabal honetan murgiltzen hasteko.
Lander Unzueta
Iruzkinak