Rol jokoa PlayStation 5ean ere argitaratuko dutela iragarri dute garatzaileek. 2022an kaleratuko da.
Lau urte igaro dira Cygames garatzaile japoniarrak Granblue Fantasy: Relink iragarri zuenetik. RPG abenturaren garapenak aurrera jarraitzen du, eta hori erakusteko gameplay bideoa erakutsi dute Granblue Fantasy Fes 2020 ekimenean.
Bideoak 23 minutuko iraupena dauka. Bertan Gran eta Djeeta protagonisten abilezia bereziak, tresnak eta beste ezaugarri bereziak azaltzen dituzte. Horrez gain ontzi hegalari batean jazotako borroka erakutsi dute, etsai nagusi eta guzti. Abentura guztiak beste hiru lagunekin batera bizi ahalko dute jokalariek, borrokaldietan batera arituta.
Garatzaileek azaldu dutenez bideo-jokoaren garapena alfa bertsioan dago une honetan. Beta bertsioa prest izateko lanean ari dira orain, Relink 2022an zehaztu gabeko data batean argitaratzea aurreikusita baitute. Aurten motor grafikoa txukundu eta akatsak zuzentzeko lanean aritu direla adierazi dute ekimenean, “garapenaren eraginkortasuna asko areagotuta”.
Tetsuya Fukuhara obraren zuzendariak jarratzaileei barkamena eskatu die, “jokoa behar baino lehenago iragartzeagatik”. Garapen prozesua PlatinumGames garatzailearekin batera hasi zuten, baina pasa den urtean jokotik aldendu ziren.
Horrez gain Granblue Fantasy: Relinkek PlayStation 5erako bertsioa ere edukiko duela jakinarazi dute. Kontsola berrirako euskarria prestatzen eman dituzte azken hilabeteak, eta argitaratzerakoan PlayStation 4rako bertsioarekin batera egingo du. Bi plataformen arteko jokoa ahalbideratuko dute.
Iruzkinak