“Garapena abian” dutela nabarmendu dute frankizia arrakastatsuaren arduradunek. GTA V-en belaunaldi berriko kontsoletako bertsioa martxoan estreinatuko da.
Grand Theft Auto berri batean lan egiten dabiltza Rockstarrekoak. Ez da inor harritzea lortuko duen albistea, baina zaleen ezinegonari erantzunez, ofizialki baieztatzeko erabakia hartu dute estatubatuarrek. “Zuetako asko GTA sagako atal berriari buruz galdezka zabiltzate”, adierazi dute sare sozialetan. “Plazer handiz, hurrengo atalaren garapena abian dela baiezta dezakegu”.
Horrela, parafernalia handirik gabe, ezagutzera eman dute bideo-jokoen saga ezagunenetako eta arrakastatsuenetako baten obra berria. “Abian jartzen dugun proiektu guztiekin egin bezala, gure helburua aurretik eskainitakoagatik haratago joatea da”, nabarmendu dute garatzaileek.
Ez dute argi uzten GTA VI-ri buruz ari diren, baina hala suposatzekoa da. Hori bai, GTA Online-ren arrakasta kontuan hartuta, ikusteko dago jokalari bakarrarentzako kanpaina alboratuko duten multijokalarian ardazteko; izan ere, gaur egun jokalari kopuru erraldoia biltzen jarraitzen du bosgarren jokoaren online munduak.
Are gehiago, Grand Theft Auto Onlinen bertsio independentea prestatzen ari dira baita ere. Atal berria iragartzearekin batera, horren argitaratze data zehaztu dute : martxoaren 15ean estreinatuko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan. PS5eko bertsioa doakoa izango da lehen hiru hilabeteetan.
Hainbat hobekuntzekin helduko da GTA Online belaunaldi berrira: tutoriala prestatu dute; alabaina, jokalari hasiberriek GTA V-era jokatzeko beharra kendu dutenez, oinarrizko mekanikak azalduko dituzte sareko jokoan. Career Builder joko mota erabiltzen hasi ahalko da jokoaren hasieratik, eta autoak eraldatzeko aukerak areagotu dituzte.
Atal teknikoa fintzeko balioko duten aldaketak ere jasoko ditu jokoak; modu horretara, belaunaldi berriko kontsolen indarra aprobetxatuko dute. Ohiko 4K bereizmena, 60 fps-ak, kalitate handiko testurak, HDR aukerak, izpien trazadura, karga denbora murriztuak eta askoz gehiago baieztatu dute Rockstarrekoek. Gainera, PS4-an eta Xbox One-an jokatzen dutenek beren gordetako partida belaunaldi berrira eraman ahalko dute.
Guzti hauek jasoko ditu baita Grand Theft Auto V-ek PS5ean eta Xbox Seriesetan kaleratzerakoan. Online bertsioarekin batera estreinatuko da joko osoa: martxoaren 15ean. Horrela, kanpainara jokatzeko zein multijokalarian aritzeko aukera eskainiko diete jokalariei.
Iruzkinak