Oculus Quest 2 gailuentzako esklusiboa izango da Rockstar-en lan famatuaren eraberrikuntza. Ez dute argitaratze datarik zehaztu.

Oculusek bideo-jokoen mundurako prestatzen dabilen berritasunak iragarri ditu Connect 2021 ekimenean. Bertan aurkeztutakoen artean esanguratsuena da zalantzarik gabe Grand Theft Auto: San Andreas-en errealitate birtualeko bertsioa. Xehetasun askorik zehaztu gabe, Rockstarrekin prestatzen dabiltza joko klasikoaren lan eraberritua.

“Los Santos, San Fierro eta Las Venturas hirien ikuspegi berria ezagutu bideo-jokoetako mundu ireki ezagunenetakoa bizi duzun bitartean (berriro edo lehen aldiz)”, azaldu dute Oculusekoek beraien blogean. Jokoa errealitate birtualeko gailu bakarrean jokatu ahalko da: Oculus Quest 2an, hain zuzen ere. Proiektuak “hainbat urte dituela” nabarmendu dute gainera, eta “gehiago erakusteko irrikitan” daude arduradunak.

Hori horrela, laster lehen bideo eta irudiak erakutsiko dituztela suposa daiteke. Izan ere, iragarpena ezer gehiago aurkeztu gabe egin dute. Alde batetik ez da harritzekoa: Rockstarrek orain gutxi iragarri du azaroan kaleratuko duten Grand Theft Auto: The Trilogy, eta bertan egongo da, birmasterizatuta, San Andreas.

Ez da Facebook-ekoek (izen berria izango du sare sozialak, Meta) eraberritu duten lehen klasikoa: orain gutxi kaleratu dute Capcom-en Resident Evil 4 famatuaren errealitate birtualerako moldatutako bertsioa; kasu honetan ere Quest 2arentzako esklusiboa izan da.

Metaren inguruan, dagoeneko ez da beharrezkoa izango Facebooken erabiltzailea edukitzea Oculus Quest gailuak erabiltzeko: “askok ez dute nahi sare sozialetako profila halako esperientzietara lotuta egotea”, adierazi du Mark Zuckerberg presidenteak.