Izpien trazadura, eskalatze aukera berriak eta gehiago gaineratuko dizki martxoaren 4an, PS5eko eta Xbox Series-etako bertsioen parera jarriz.

Rockstar Games taldeak GTA Ven PCko bertsioa eguneratuko duela aditzera eman du. Doako gaurkotzearen bidez mundu irekiko titulu arrakastatsuaren atal teknikoa hobetuko dute egileek.

Hasteko, 2022an PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletako bertsioetan ikusitako ezaugarriak inplementatuko dituzte. Bizi kalitatea hobetzeko aldaketak ikusiko ditugu, baita Hao-ren auto tailerretan gaineratutako ibilgailu zein proba berriak, GTA+ bazkidetza eta GTA Online partidetan animaliak agertzea.

Grafikoetara igarota, izpien trazadura (ray tracing) hobetua gaineratuko diote PCko bertsioari. Izpien trazadura bidezko itzalak zein islak ikusiko ditugu orain, gure ordenagailua horiek aktibatzeko gai bada; ez hori bakarrik, lehen aldiz izpien trazadura bidezko argiztapen orokorra zein giro oklusioa inplementatuko dira GTA Ven.

Eguneratutako eskalatze sistemak aipatzen dira prentsa oharrean: DLSS3 eta FSR3 —FSR1 ere aipatzen da— teknologiak gaineratuko dituzte karga grafikoa murrizteko asmoarekin. Horri lotuta, bereizmen, irudi erlazio nahiz irudi tasa altuentzako euskarri hobea prestatu dute. Bitxia bada ere, ez dute Frame Generation teknologiari lotutakorik adierazi.

Karga denborak bizkortuko dira SSD disko gogorretan, eta DirectStorage teknologia erabiliko du jokoak, baita Dolby Atmos audio ezaugarrirako euskarria ere.

Grafikoak hobetuko dituztenez, ordenagailu indartsuagoa eskatuko du jokoak. Zehaztapen berriak hemen aurki ditzakezue.

Dena den, ez arduratu: GTA Ven bertsio originalean jokatzen jarrai dezakegu, eguneraketa handia aparteko bertsioan argitaratuko baitute. Rockstarrekoen arabera, erabakia FiveM erabiltzen jarraitzeko hartu dute: bertsio originalean zerbitzari bereziak egoteko aukera dago. Zoritxarrez, horrek arazo bat dakar; alegia, GTA Onlinek bi bertsio desberdin edukiko dituela PCan, bakoitza bere jokalariekin. Kanpainan zein onlinean egindako aurrerapen guztiak bertsio berrira migra ditzakegu.

Martxoaren 4an gehituko dira aipatutako guztiak dakartzan doako eguneraketa PCan. GTA Ven erabiltzaile orok jasoko du egun horretan.