Udan marketin kanpainari ekingo diote. PlayStation 5ean eta Xbox Series-etan ikusiko dugu lehenengo.
Grand Theft Auto VIk ez du beste atzerapenik biziko. Hori berretsi du Strauss Zelnick Take-Two Interactive Software enpresako arduradun nagusiak azken finantza bileran.
“Esango nuke oso argiak izan garela jokoa azaroaren 19an estreinatuko dela adierazterakoan”, aipatu du Rockstar Games-en jabeak, jokoa birritan berandutu ondoren: 2025eko udazkenean kaleratzea zen asmoa hasiera batean; ondoren, 2026ko maiatzera geroratu zuten, azkenik, azaroak 19ko data ezartzeko. Azken trailerrean oraindik maiatzeko data azaltzen da.
Horrenbeste eztabaidatutako prezioa, ordea, iragarri eta zehaztu gabe utzi du Zelnickek: “Inoiz, ez dugu marketin iragarpenik egiten gure analistentzako deialdietan. Inoiz, inoiz, inoiz”. Izan ere, azken egunotan Best Buy bezalako saltoki handiek jokoaren erreserbak abiatzen hasteko mezu elektronikoak helarazi dizkiete erabiltzaileei, jendea prest eta adi egotera bultzatuz.
Marketin kanpaina “udan” abiaraziko dutela aldarrikatu du arduradun nagusiak. Hori esanda, “datozen asteak oraindik ez direla uda garaia” gogoratu du, egun batzuetan lasai aritzeko eskatuz, edo ekaineko aurkezpenetara begira jarriz. Bitartean, zurrumurruek trailer berria asteartean argitaratuko dela diote, ondoren ekainaren 2ko State of Play aurkezpenean jokoa berriz erakusteko.
Grand Theft Auto VI PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan merkaturatuko da azaroaren 19an.
Red Dead Redemption 2, hirugarren bideojokorik salduena
Finantza bileran, gainera, irabaziei buruzko datuak eskaini dituzte Take-Twotik. Datu esanguratsua partekatu da bertan: Red Dead Redemption 2 historiako hirugarren bideojokorik salduena izatera iritsi da.
85 milioi bideojoko baino gehiago saldu ditu Arthur Morgan cowboy-aren abenturak. 2018. urteko urrian estreinatu zen PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletan; urtebete beranduago PCra iritsi zen.
Aurretik, zelan ez, Rockstarren beste bideojoko bat dauka: Grand Theft Auto Vek bigarren postuan jarraitzen du, eta horrela mantenduko da denbora luzez: 230 milioi GTA V baino gehiago saldu ditu Take-Twok.
Inoizko bideojokorik salduena soberan ezagutzen duzue: Minecraft erregea da, saldutako 350 milioi bideojoko baino gehiagorekin.
Lander Unzueta
Iruzkinak