Zinematikaren bidez Lucia eta Jason protagonisten arteko harremana aurkeztu dute Rockstar-ekoek. 2026ko maiatzaren 26an kaleratuko da PS5 eta Xbox Series kontsoletan.
Grand Theft Auto VIren bigarren trailerra argitaratu du Rockstar Games argitaletxeak. Bideojoko desiratuaren geroratzea iragarri ondoren, Vice City eraberritua erakutsi digute beste behin.
Hondartzak, hiria, espetxeak, akzio eszena ikusgarriak eta gehiago ageri dira bideo zinematikoan, baina, batez ere, protagonistetan ardaztu dira egileak: Lucia Caminos eta Jason Duval bikotea aurkeztu, eta hauen arteko harremana zer nolakoa den ageri da.
Itxura batean, bideojokoa Lucia kartzelatik ateraz hasiko da, nahiz eta agian Jasonekin lehen misioak biziko ditugun. Lapur taldea, nola ez, denetariko misio arriskutsuetan barneratuko da, astirik galdu gabe: Fast & Furious film sagan oinarritutako eszenak ageri dira, besteak beste, kutxa gotorrak autoan garraiatuz edo altuera handiko borrokekin.
Bideoan pertsonaia berriak, lagunak edo etsaiak, zein toki ezagunak ikus ditzakegu: besteak beste, armak eta munizioa erosteko ezinbestekoa den Ammu-Nation saltokiaren itzulera agertzen da.
Prentsa oharrean azaldu digutenez, hasiera batean erraza zirudien lapurretak okerrera egingo du, eta konspirazio erraldoiaren baitan harrapatuta geratuko dira gure protagonistak. Leonida eskualdea bere osotasunean bisitatuko dugu seigarren atalean, Vice Cityra mugatu beharrean.
Pasa den astean jakin genuen Rockstar Gamesek 2026ko maiatzaren 26ra geroratu duela Grand Theft Auto VI; aldez aurretik, aurtengo udazkenean ikustea espero genuen. Gutxi harrituko ziren, 2023ko abendutik baikabiltza bideorik edo informaziorik gabe: gaurko bideoa da ordu hartatik jaso dugun lehen eduki berria.
PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da GTA VI, esan bezala, datorren urteko maiatzean.
Iruzkinak