Jokoaren arte ofiziala iragarri du Rockstar Games taldeak, Vice City eraberrituaren irudia eskaintzearekin batera.

Grand Theft Auto VI azaroaren 19an helduko dela dirudi, oraingoan, bai, Rockstar Gamesek jokoaren erreserbak baieztatu ondoren. Ekainaren 25etik aurrera erosi ahalko dira PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak.

Saltoki digitaletan zein hautatutako dendetan abiatuko dituzte erreserbak. Une horretan ezagutuko dugu, azkenik, jokoaren prezio ofiziala, sarean denetariko salneurriak entzun ostean. Gainera, jokoaren irudi nagusi ofiziala erakutsi dute egileek, sagaren ohiko formatua mantenduta.

Ahaztu trailer berriaz: oraingoz hirugarren bideoaren zain jarraitzen dute zaleek; hori baino gehiago, jokagarritasuna ikustea geratzen da oraindik, 2023 bukaeran iragarri zutenetik ez baitute gameplay bideorik erakutsi. Hori bai, Vice City hiriaren irudi bat gehiago eskaini digute.

Berandutzez betetako garapen prozesua izan da GTA VI desiratuarena. 2025eko udazkenean kaleratzea zen asmoa hasiera batean; ondoren, 2026ko maiatzera geroratu zuten, azkenik, azaroak 19ko data ezartzeko. Tartean, kaleratzeak, sindikatu osaketak eta bestelakoak ikusi dituzte Rockstarren bulegokoek.

Grand Theft Auto VI azaroaren 19an argitaratuko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.