Lucia eta Jason protagonistek osatutako bikotearen abentura azaroaren 19an hasiko da PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan.

Rockstar Games Grand Theft Auto VI kaleratzeko prestatzen dabil. Mundu irekiko bideojokoaren argitalpen bideoa zabaldu dute sare sozialetatik.

Irudi eta eszena berriak utzi dizkigu trailerrak. Ezusteko handirik eskaini gabe, Lucia eta Jason bikotearen harremana da ardatza: abentura, itxura batean, Luciak kartzelan hainbat urte eman ondoren hasiko da, Jasonekin batera elkartuta lapurretekin jarraitzeko asmoarekin.

Duela aste batzuk ordu erdiko aurkezpen bideo sakona eskaini baziguten ere, egia esan, gauza gutxi ikusi ditugu bideojoko desiratuaren inguruan. Vice City ezagunera itzuliko garela jakin badakigu, oraingoan Leonida eskualde osoan zehar ibiltzeko aukerarekin.

Halere, zalantza ugari daude oraindik jokoaren inguruan: GTA Online multijokalari modalitatea ez da, itxura batean, jokalari bakarrarentzako kanpainarekin batera helduko. Rockstarrek ez du sareko jokoaren xehetasunik eskaini oraingoz.

Musikari eta irratiei buruzko datuak utzi dizkigute, hori bai: sei irrati desberdin edukiko ditugu, dozenaka abesti bilduta. Gutxi dirudite; izan ere, seigarren jokoan podcast saio bereziak entzuteko aukera ere egongo da.

PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ikusiko dugu GTA VI, 80 euroko prezioan, azaroaren 19an. Edizio fisikoek ez dute diskorik ekarriko: kasu guztietan, jokoa deskargatzea tokatuko zaigu, bai ala bai.