Bideojokoaren prototipoak protagonistak, inguruneak eta gehiago erakusteko balio izan du. Take-Two arduradunak ez du itxaron: filtrazioak ezabatzen hasi dira.
Rockstar Games Grand Theft Auto sagaren seigarren atalean lanean ari dela ez da inolako sekretuak. Hala ere, bideojokozaleok ez dugu izan frankizia arrakastatsuaren lan berriko irudirik ikusteko aukerarik izan. Zale batzuen pozerako, eta Rockstarren zoritxarrerako, hori aldatu egin da: GTA VIren 90 bideo baino gehiago filtratu dira sarean.
Atzo ikusi genituen hauek zabaltzen GTA Forums webgunetik abiatuta. Take-Twoko arduradunen erantzuna argia izan da: bideoak salatzeari eta ezabatzeari ekin diote, lizentziadun material pribatua dela aldarrikatuz. Hortaz, geroz eta zailagoa da hauek aurkitzea; horrek ez du esan nahi guztiz desagertu direla, noski.
Bideoetan eta irudietan aurretik filtratutako informazioa egiazkoa dela ikus daiteke: bi protagonista kontrolatuko ditugula dirudi, neba-arreba taldea. Hauen modeloak, animazioak eta ekintzak ikusteko aukera eduki dute bideook eskuratu dituztenek; filtraziokoak aurrealfa bertsioko irudiak direla esan beharra dago, hori bai. Prototipo hutsa baino ez denez, jokoaren garapen prozesuaren lehen fasea dela baino ez dugu ikusi.
Are gehiago, Rockstarrekoen tresnak eta baliabideak ikus daitezke ikus-entzunezkootan. Aurretik entzundako zurrumurruen arabera, seigarren joko honetan Vice City-ra itzuliko gara; Miamin oinarritutako hiriko zenbait toki ikus daitezke filtrazioetan, kafetegiak edo tabernak, adibidez. Probak egiteko bestelako kokaguneak ere ageri dira, gainera.
Hizketaldi sistema ezagutzeko ere balio izan dute zabaldutako fitxategiek. Red Dead Redemption 2-n ikusitakoaren antzeko mekanikak hartuko dituztela dirudi.
Filtrazioaren egiazkotasunari dagokionez —Take-Tworen erantzunarekin argi ez bada geratu—, Jason Schreier bezalako izen ezagunek dagoeneko baieztatu dute zabaldutakoak Rockstarren lanekoak direla: “Bideojokoen historiako filtraziorik handienetakoa da, eta amesgaiztoa Rockstar Gamesentzat”.
Rockstarretik ez dute inolako adierazpenik eman oraindik, baina iturri desberdinen arabera, langileak eta garatzaileak oso atsekabeturik daude jazotakoaren ondorioz.
Orain, Grand Theft Auto VIren trailer ofizialen zain geratzea baino ez zaie geratzen zaleei. Agerikoa denez, garapena luzerako doa; hori horrela, ziurrenik ez dugu ezer ikusiko Rockstarrekoen aldetik, aldi baterako behintzat.
Iruzkinak