Netflix plataformatik ikusi ahalko da, filtrazioak nagusi diren bitartean. Azaroaren 19an estreinatuko da bideojokoa.
Rockstar Gamesek GTA VI desiratuaren “hedatutako begirada” iragarri du. Abuztuaren 27an, ostegunean, eskainiko dute bideojokoaren lehen jokagarritasun bideo ofiziala.
20:00etan Netflix plataforman argitaratuko da; sei ordu beranduago, gainerako bideo plataformetara iritsiko dela diote arduradunek. BBC agerkariaren arabera, ordu erdiko emanaldia izango da.
Horrenbeste itxaroteak ez die onik egin egileei, tamalez: egunotan lehen filtrazio handiak ikusten dabiltza zaleak. Cyberleek izeneko erabiltzaileak hainbat bideo —hamar, oraingoz— argitaratu ditu sareetan, jokagarritasuna erakutsiz. Denetariko ezaugarriak eta mekanikak aditzera eman ditu, modu horretara, Rockstarrekoei aurreratuta: itxura batean, hilabete batzuk dituen bertsioa dauka esku artean, eta Vice City eraberrituaren mapa, ibilgailuak, tiroketak, hizketaldiak eta bestelakoak biltzen ditu argitalpenetan.
Jason Schreier kazetariak aurreratu duenagatik, Rockstarretik ezin izan dute erantzulea aurkitu, hori lortzeko neurriak hartu dituzten arren: estudioan etsipena nagusi dela azaltzen du. Cyberleekek daukan build-a bukatu gabekoa da, argi eta garbi, beraz, ostegunean ikusiko dugun jokoak aldaketa handiak ekarriko dituela suposatu beharra dago. Egunotan are bideo gehiago argitaratzea espero da: aurrekoak sareko zoko guztietatik zabaldu dira dagoeneko.
GTA VIra itzulita, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da esklusiboki azaroaren 19an —berandutze pare bat edukita tartean—. 80 eurotan erosi ahalko da oinarrizko bertsioa; Ultimate Edition-a, berriz, 100 eurotan merkaturatuko dute. Polemika artean iritsiko da, kaxa fisikoak ez baitu diskorik ekarriko: jokoa jaisteko kode digitala aurkituko dute erosleek.
Vice City hirira itzuliko gara, oraingoan bi protagonista gidatuta: Jason eta Lucia bikotea kontrolatuko dugu mundu irekiko abenturan. Ohiko oinarriak errepikatuko dituzte, lapurretak, tiroketak, ibilgailuak eta AEBetako nahiz nazioarteko egungo gai sozioekonomikoei zirikak nagusi izanik.
Lander Unzueta
Iruzkinak