Rockstarren jokoa Valven plataformatik ezabatu egin zuten urtarrilean.
Rockstar Gamesek Steamen argitaratutako mezu batean adierazi duenez, martxoaren 19an Grand Theft Auto IV berrargitaratuko dute Valven plataforman.
Asko eta asko dira desagertutako Games For Windows Live zerbitzua erabiltzeagatik arazoak izan dituzten bideojokoak; horien artean aurkitzen da GTA IV.
Bideojokoa hainbat aldaketekin etorriko dela jakinarazi dute Rockstarrekoek. GTA IV eta Episodes from Liberty City espantsioetako edukiak bateratu egingo dituzte; bertsio berriak Grand Theft Auto IV: Complete Edition izena edukiko du.
Aldaketak bertsio berriarentzat
Bertsio berri honek jatorrizko jokoan egoten ziren hainbat eduki galduko ditu. Sortzaileek azaldu dutenez hiru irrati kate desagertu egingo dira: jokalariek ezingo dute RamJam FMko, Self-Actualization FMko eta Vice City FMko abestiak entzuten jarraitu.
Ez da Rockstarren jokoekin hori gertatzen den lehen aldia. San Andreasek ere hainbat kate galdu zituen urteak igaro ahala, abestien lizentziak direla eta.
Irrati kateekin batera multiplayer joko mota eta jokalari onenen taulak kenduko dituztela azaldu du Rockstarrek.
Jokoa dagoeneko Steameko liburutegian dutenek bertsio berria jasoko dute. Gordetako partidak erabilgarriak izango direla zehaztu dute sortzaileek. Steameko bertsioagaz batera, Rockstar Games Launcher plataforma propioan ere argitaratuko dute GTA IV.
Iruzkinak