Urtea bukatu baino lehen kaleratuko dute bilduma PC-an zein kontsoletan; gailu mugikorretarako prestatuko dute baita. Askotariko hobekuntzekin estreinatuko da trilogia.
Rockstar Grand Theft Auto jokoen bilduma prestatzen ari zela zabaldu izan da sarean azken asteetan, eta New Yorkeko estudioak berria baieztatu du azkenik: Grand Theft Auto: The Trilogy — The Definitive Edition izenpean, GTA III, GTA: Vice City eta GTA: San Andreas batuko dituzte.
Albistea estudioaren webgune ofizialaren bitartez eman dute Rockstarrekoek: “hilabete honetan Rockstar Gamesentzako urteurren berezia betetzen da: 20 urte igaro dira Grand Theft Auto III estreinatu zenetik“, diote bertan. Bi hamarkada horiek ospatzeko GTA III-rekin hasitako belaunaldia gogora ekartzeko bilduma eratzen ari dira, hain zuzen ere.
GTA: The Trilogy — The Definitive Edition urtea bukatu aurretik merkaturatu nahi dute garatzaileek: PCrako eta PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletarako prestatzen ari dira. “Klasiko originalen itxura eta jostagarritasuna mantentzen” jarraituko dute bertan batutako hiru bideo-jokoek, baina “aspektu guztietan hobekuntzak jasoko dituzte, grafikoetan eta jostagarritasunean barne”.
PCrako eta kontsoletarako bertsioez gain, 2022ko lehen seihilabetean Android eta iOS gailu mugikorretarako ere kaleratuko dute trilogia.
Bilduma iragarrita, saltoki digital desberdinetan egun saltzen dituzten jatorrizko bertsioekin gertatuko dena ere zehaztu dute New Yorkekoek. GTA III, GTA: Vice City eta GTA: San Andreas originalak desagertu egingo dira; dagoeneko erosita dituztenek horietara jokatzen jarraitzeko aukera edukiko dute, baina aste honetatik aurrera erosi ahalko den bertsio bakarra GTA: The Trilogy izango da.
Iruzkinak