Bosgarrenak bakarrik frankiziako gainerako joko guztiak batuta lortutakoaren erdia egin du. Hurrengo atala garatzen ari dira dagoeneko.
Bideo-jokoen salmentak jarraitzen dituenarentzat ez da harritzekoa izango, baina Grand Theft Auto V-en salmentak ikaragarriak dira. 2013an PlayStation 3-an eta Xbox 360-an kaleratu zenetik ia hilabetero jokorik salduenen zerrendatan egotea lortu du. Take-Two enpresak argitaratutako azken finantza txostenean ikus daitezke zoratzeko salmenten datuak: Rockstar Games-en bosgarren jokoak 160 milioi ale saldu ditu.
Noski, datu hauek ez dira soilik PS3-ko eta 360ko bertsiokoak; izan ere, GTA V hainbat aldiz berrargitaratu da port berriekin: PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletako bertsioak iritsi ziren 2014an; urtebete ondoren, PC-rako port bat prestatu zuten Rockstarrekoek. Joera horrekin jarraituko dute laster: martxoaren 15ean bertsio eguneratua jasoko dute PlayStation 5-ak eta Xbox Series-ak.
160 milioi aleen zifra harrigarri hori bertsio guztien salmentena da, hain zuzen ere; inoizko bigarren bideo-jokorik salduenean bilakatzen da horrela, Minecraft-en atzetik. Pasa den azarotik hona 5 milioi gehiago saltzea lortu dute, Take-Tworen datuen arabera.
Modu horretara, GTA Vek frankiziako gainerako joko guztiak batuta lortutakoaren erdia egin du: txostenean nabarmentzen dutenez, Grand Theft Autok 370 milioi joko saldu ditu saga 1997an abiarazi zutenetik. Bideo-jokoen beste frankizia ezagunetik alderatuta, Resident Evil-ek 123 milioi joko saldu ditu; Final Fantasy-ren jokoen zerrenda luzeak 164 milioi; Assassin’s Creed ezagunak, berriz, 155 milioi salmenta eduki ditu.
Etorkizunera begira, orain egun batzuk iragarri zuten Rockstarrekoek GTAren hurrengo atala izango dena. Xehetasun gutxi batzuk emanda egin zuten: oraindik ez dute zehaztu seigarren atala izango den edo beste zerbait prestatzen ari diren.
Iruzkinak