Azken finantza txostenean eskaini dute informazioa. Rockstar Games-en hurrengo jokoa orain urte erdi aurkeztu zen.

Grand Theft Auto VIren datu berriak eskaini ditu Take-Twok: 2025eko udazkenean kaleratzeko asmoa agertu dute.

Informazioa, nola ez, urte fiskalari itxiera emateko egindako inbertitzaileentzako txostenean irakur daiteke. “Rockstar Gamesengan erabateko konfiantza daukagu”, aipatzen dute, “jokoaren eragin komertzialak edukiko dituen aurreikuspenek gora egiten dutela” adierazita.

Horrela, kaleratze data pixkat gehiago zehaztu dute. Orain sei hilabete lehen trailerra ofizialki aurkeztu zutenean —bai, urte erdi igaro da!— 2025erako prest egongo zela aldarrikatu zuten Rockstarrekoek.

Zale guztiak udazkenera begira jarri ziren orduan; izan ere, GTA nagusi guztiak urtaro horretan kaleratu dira, GTA IV alboratuta —hasiera batean udazkenerako aurreikusita zegoen, baina berandutu egin zuten—.

Dena ondo badoa, eta ez badugu geroratzerik ikusten, urtebete baino pixkat gehiago geratuko litzateke mundu irekiko frankizia maitatuaren atal berria ikusteko. PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako iragarri dute egileek; PCko jokalariek, beraz, itxaron egin beharko dute beste behin.

Vice City hirira itzuliko gara berriz, kasu honetan Florida estatuan oinarritutako Leonida eskualdea bisitatzeko aukerarekin. Protagonistak ere ezagutu genituen: Lucia eta Jason bikotearekin jokatuko dugu oraingoan.

Esan bezala, Grand Theft Auto VI 2025eko udazkenean kaleratuko da PS5 eta Xbox Series plataformetan.

 

Red Dead Redemption originala, PCra?

Ordenagailuko jokalariak zain dauden bitartean, baina, berri onak jaso ditzakete. TezFunz2 erabiltzaileak Rockstarren launcher-aren bertsio berriena arakatu ostean, Red Dead Redemption originalaren PCko bertsioa aipatzen dela aurkitu du kodearen artean.

2010. urtean PlayStation 3 eta Xbox 360 kontsoletan kaleratutako jokoa ez da inoiz ordenagailuetara iritsi; are gehiago, 2023an PlayStation 4 zein Switch gailuetarako bertsio eraberritua prestatu zuten, PCa beste behin alboratuz.

Launcherrean RDR zein bere Undead Nightmare espantsioa aipatzen dira; beraz, ordenagailuetako jokalariek maisulanotan jokatzeko aukera eduki dezakete azkenik.