The MIX taldeak genero guztietako titulu independenteak bildu diu 2024ko zuzenekoan.
Ekaineko aurkezpenak hemen dira jadanik. Egun zirraragarriak datoz, eta Guerrilla Collective taldearen aldetik jaso dugu lehen ekitaldia: 2024ko zuzenekoan Yooka-Replaylee, Neon Blood, Steamworld Heist 2 edo Knights in Tight Spaces bezalako obra interesgarriak aurkeztu dizkigu.
Ohi bezala, indie lanak izan dira The MIX (Media Indie Exchange) kolektiboak ekarritakoak. Egitasmoaren bosgarren urteurrena izanik, dozenaka bideojoko bildu dituzte; gure aldetik, interesgarrienak zerrendatuko ditugu laburpen artikulu honetan.
Yooka-Replaylee
Rare estudio britainiar ezaguneko beteranoek sortutako Playtonic estudioak hamargarren urteurrena beteko du datorren urtean. Hori ospatzeko, euren lehen jokoaren birmasterizazioa iragarri dute: Yooka-Replaylee 2017an estreinatutako Yooka-Laylee plataforma abentura hobetzera dator.
Bertsio zaharberrituak teknikoki zein mekanikoki hobetuko du jatorrizko titulua: bereizmena, irudien tasa, soinu banda zein argiztapena finduko dituzte eta jokoaren erronka nagusiak txukunduko, baita munduetatik zehar nabigatzeko sistemak hobetuko ere.
PCrako iragarri dute oraingoz, baina kontsoletarako ere prestatu gura dutela aitortuz; zoritxarrez, oraindik ez dauka argitaratze datarik.
Neon Blood
Ziberpunk generoa atal estetiko benetan bereziarekin biltzen duen ikerketa jokoa urtea bukatu aurretik argitaratuko dutela adierazi dute Chaotic Brain talde madrildarrekoek.
Neon Blooden 2053. urtera bidaiatuko dugu Axel McCoin detektibearen rola jokatzeko: ikerketetan txandakako borrokak eta erabakiz betetako hizketaldiak biziko ditugu. “Laster” PC, PS5 eta Switch gailuetan jokatuko dugu.
Steamworld Heist 2
Apirileko Nintendo Indie World ekitaldian iragarri zuten Steamworld Heist bikainaren jarraipena Thunderful estudiokoek, eta Guerrilakoenean jokagarritasun gehiago ikusteko aukera eduki dugu. Robotek tripulatutako urpekarian ibiliko gara —espazioan galdutako— itsaso zabala esploratzen.
Tartean, txandakako borroka taktikoetan parte hartuko dugu: hainbat robot mota desberdinez osatuko dugu gure taldea, eta punteriak berebiziko garrantzia izango du… baita inguruneetako elementuak modu aproposean erabiltzeak ere.
Abuztuaren 8an kaleratuko da PCan eta Switch, PlayStation zein Xbox kontsoletan.
Knights in Tight Spaces
Fights in Tight Spaces zoragarrien egileek proposamen berbera errepikatuko dute, zaldunekin oraingoan. Knights in Tight Spacesek estrategia taktikoaren eskeman ardaztutako jokagarritasuna proposatuko digu, karta jokoen mekanikak erabilita.
Horrela, zaldun taldea kontrolatuko dugu gune itxietan hasitako dueluetan parte hartzeko. Kartek gure mugimenduak eta abileziak zehaztuko dituzte; lauki sare egiturarekin, borrokak ahalik eta modurik eraginkorrenean bideratu beharko ditugu mota desberdinetako gerlarien taldea erabilita.
Ez dauka argitaratze datarik, baina doako demoa jaso du Steam plataforman.
AntonBlast
Wario Land klasikoen oinarriak bereganatzen dituen AntonBlast zoragarria berriz ikusteko aukera eduki dugu Guerrilla Colectivean. Bideo zinematikoarekin etorri da, baina jokagarritasun zertzelada batzuk ere utzi dizkigu, buruzagiren bat edo beste erakutsiz.
Game Boy Advance eramangarriko jokoen estetika gogora ekarriz, 2D plataforma abentura eroa eta bizkorra izango da Anton Dynamite-ena: leherketak eta kolpeak ikusiko ditugu jauziekin batera.
Azaroaren 12an argitaratuko da PCan nahiz Switchean; demoa ere badaukagu dagoeneko.
Creatures of Ava
Chibig sortzaile talde valentziarrak Creatures of Ava erakutsi digu berriz, oraingoan istorioan nahiz jokagarritasunean sakonduz: atal grafiko zoragarridun esplorazio abentura dugu. Infekzio baten ondorioz hiltzear dagoen planeta salbatzera abiatuko gara, horretarako bertako izakiak zein animaliak harrapatuz eta zainduz, baita hauen abileziak erabiliz ere.
Abentura ederrak ez dauka argitaratze datarik, baina ekainaren 10ean demoa jasoko du ordenagailuetan; PCan kaleratzeaz gain, joko osoa Xbox kontsoletara ere iritsiko da.
Demonschool
Persona klasikoak, Devil Survivor Mega Man Battle Network edo Shin Megami Tensei inspirazio iturritzat hartzen dituen JRPG berezia dugu Demonschool.
Deabruei aurre egingo dieten ikasle taldea gidatuko dugu: txandakako borroka taktikoak biziko ditugu, herriko gune desberdinak esploratuz. Istorioak garrantzia handia edukiko duela diote Necrosoft Games-ko arduradunek, eta harreman sistema sakona ere prestatu dutela.
Aurten estreinatuko da plataforma nagusi guztietan; aurretik, baina, demoa jasoko du Steam Next Fest jaialdian.
Cataclismo
Digital Sun espainiarra tower defense generoko mekanikak hartzen dituen denbora errealeko estrategia titulua sortzen dabil. Gotorlekua diseinatzen eta eraikitzen ibiliko gara, ondoren arerioen armadei aurre egiteko.
Itxura benetan aparta dauka, eta laster estreinatzen da PCrako: uztailaren 16an jasoko dugu. Onena? Demoan joka dezakegula oraintxe bertan.
Tomba! Special Edition
PlayStation 1eko klasiko baten itzulera ikusiko dugu laster: Tomba —guk Tombi izenarekin ezagutu genuen— koloretsuaren plataforma mekanika bereziak biziko ditugu berriz. Limited Run Games taldeak prestatutako berrargitalpena dugu; hortaz, ez dugu aldaketa handirik ikusiko, emulatzaile bidez funtzionatuko duen jokoa baita.
Dena den, edozein tokitan partida gordetzeko funtzioa, kontrol analogikoak, soinu banda eraberritua eta jokoaren irudiak biltzen dituen museo birtuala gehituko dizkio obra maitatuari.
PlayStation, Switch eta PC gailuetan jokatu ahalko da abuztuaren 1etik aurrera.
Clock Tower Rewind
Beldurrezko Clock Tower klasikoarena Tombaren kasu berbera dugu: Limited Runekoek berritasun txiki batzuk baino ez dizkiote gehituko SNES kontsolako abentura mitikoari.
Jennifer Simpson neskatoan bilakatu gara berriro, eta Scissorman beldurgarriarengandik ihes egiten ibiliko gara puzzleak argitzen ditugun bitartean.
Udazkenean helduko da PC, Switch, PlayStation eta Xbox gailuetara.
Bloodless
Point N’ Sheep estudioa eta 3D Realms argitaletxea akziozko retro abentura itxurosoa prestatzen dabiltza. Erdi Aroko Japoniara bidaiatuko dugu Tomoe ronin gerlarian bihurtzeko: Akechi shogun maltzurraren armada garaitu beharko dugu berarekin.
Ikuspegi isometrikoan bizitako borroak, ezpatak eta magiak elkartuko ditu atal estetiko benetan bereziarekin. Abuztuaren 29an estreinatuko da PCan, baina demoa iritsiko zaigu ekainaren 10ean.
Hauek dira, gure ustez, Guerrilla Collective 2024 aurkezpenak utzitako bideojokorik interesgarrienak; dena den, zenbait titulu gehiago erakutsi zituzten. Guztiak ikusi nahi izanez gero, hemen aurkituko duzue zuzeneko osoa:
Aurkezpen gehiago
Ekimen handiekin hasi baino ez gara egin, zorionez. Gaur iluntzean hainbat aurkezpen ikusteko aukera egongo da: Summer Game Fest, Day of the Devs eta Devolver Direct emango dituzte 23:00etatik aurrera.
Aurkezpen guztien ordutegiak bildu ditugu artikulu berezian.
Iruzkinak