PCan estreinatuko da kanpaina eta eduki gehigarri guztiekin; originala erosita daukatenek doan jasoko dute.

Guild Wars Reforged aurkeztu du ArenaNet taldeak. 2005eko MMORPGaren birmasterizazioa abenduaren 3an kaleratuko da.

PCrako ikusiko dugu, Guild Warsek jasotako kanpaina zein espantsio guztiekin batera: Prophecies, Factions eta Nightfall berriz jokatzeko aukera eskainiko du birmasterizazioak.

Hobekuntza grafikoak eta bizi kalitate aldaketak ikusiko dituzte originalaren jokalariek. Horrela, bereizmen handiko pantailentzako euskarria, bereizmen handiko ikurrak, antialiasing, ambient occlusion zein bloom aukerak edo testu tamaina handitzeko bideak gaineratuko ditu, besteak beste. Misioen eta erronken jarraipena errazteko, misio bilatzailea erabili ahalko da.

Aipatutakoei aginteentzako euskarriaren inplementazioa gehitu behar zaie. XInput euskarriarekin dozenaka mando erabiltzeko aukera dago orain; horrekin batera, Steam Deck-ean jokatzeko prestatu dutela diote egileek.

2weeks estudioarekin batu dira ArenaNetekoak birmasterizazioa prestatzeko; ez da harritzekoa, Guild Warsen lan egindako beteranoek osatutako taldea baita.

Originala erosita dutenek ordainsaria jasoko dute: Steam zein ArenaNet bidez eguneratzea doan eskuratuko dute; bestela, 20 euroko prezioan estreinatuko da.