Jam Kuradoberi eta Robo=Ky borrokalariak gehituko ditu Arc System Works taldeak. Mekanika eta mugimendu berriak ikusiko dituzte jokalariek.
Arc System Works japoniarrak gaurkotze handiak iragarri ditu Guilty Gear: Strive ezagunarentzat. Bosgarren denboraldiari hasiera eman zein 2.0 adabakia jasoko ditu borroka jokoak apirilaren 9an.
Hain zuzen, jokoaren seigarren urteurrena ospatzeko berritasunak izango dira: 2020ko apirilaren 9an estreinatu zen Strive. Arc World Tour 2025-2026 Finals txapelketaren aterpeaz baliatuko dira iragarpenetarako.
Ordainpeko lau pertsonaia berri gehituko dira bosgarren denboraldiarekin batera. Horietatik bi aurkeztu dituzte: sagako beteranoek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten Jam Kuradoberi eta Robo=Ky. Lehena apirilaren 9an ikusiko dugu, eta robota udan helduko da; gainerako biak neguan eta 2027ko udaberrian kaleratzeko asmoa agertu dute egileek.
Borrokaleku berria, pertsonaia guztientzako kolore eskemak eta bestelako berritasunak ere helduko dira denboraldiarekin.
2.0 adabakiak, bestalde, borrokentzako mekanika eta oreka aldaketa esanguratsuak ekarriko ditu. Wild Assault nahiz Counter Blitz deitutako ezaugarriak gaineratuko dira Strivera, eta borrokalari guztientzako mugimendu berriak sortuko dituzte. Itxura berriak ikusiko ditugu lehen aldiz: orain arteko pertsonaientzako arma, jantzi edo ekipamendu estetikoak prestatzen dabiltza ArcSys-ekoak.
Istorio motzak, pertsonaientzako kolore berri bat eta Blazing Pass izeneko ordainsari sistema eraberritua ikusiko ditugu, baita.
Aipatutako berritasunok PCan eta PlayStation, Xbox zein Nintendo kontsoletan estreinatuko dira apirilaren 9an.
Lander Unzueta
Iruzkinak