Hades 2020an estreinatu zenean roguelike jokoen zaleak zein hasiberriak harrapatzea lortu zuen mundu interesgarri eta dinamikoari esker. Partida bakoitza desberdina zen, baina ez bakarrik jokagarritasun aldetik: aurrera egiten zuen istorioa osatzea lortu zuen behin eta berriro gauza berbera egiten genuen abenturan.

Supergiant Games taldeak Hades II 2022 bukaeran iragarri zuenean, zaleen erantzuna erabat positiboa izan zen: argi zegoen infernuan berriz barneratzeko gogoak zeudela, eta Bastion, Transistor zein Pyre sarituetako egileek azken jokoarekin egindakoa hobetzeko asmoarekin agertu ziren.

Bideojokozaleen komunitatearen laguntzarekin eraiki gura izan dute, beste behin, roguelike abentura. Proba tekniko itxia abiatu zuten apiril bukaeran, akats teknikoak zuzentzeko asmoarekin, eta maiatzean agindutako sarbide goiztiarrari hasiera eman zioten.

Jokalari guztien ezusterako, baina, ia-ia eduki guztiak biltzen dituen bideojokoa da early access fasean kaleratutakoa. Hades IIn 30 ordu baino gehiago eman ondoren, hasi baino egin ez den esperientziaz hitz egin dezakedala pentsatu nahi dut.

 

Hades infernua konkistatu nahian

Aurreko jokoarekin gertatu modura, astirik galdu gabe hasiko gara bigarrenarekin. Protagonista berria ezagutuko dugu partida hasi bezain laster: Melinoë sorgina. Zagreo-ren arreba, eta Hades zein Pertsefone jainkoen alaba. Ez ditu ezagutu, ordea: Kronos titanak Tartarotik ihes egitea lortu zuen Melinoë haur txikia zenean, eta Hades infernua bereganatu zuen.

Familia salbatzea eta mendekua lortzea izango dira, hortaz, gure helburu nagusiak. Hades etxera iritsi beharko gara horretarako: infernuaren kanpoaldean kokatuta dauden bidegurutzeetan (crossroads) egongo da gure base nagusia, eta Erebo basotik hasiko dugu ibilbide bakoitza. Horrela, lehen jokoan egin beharreko ihesaldiak alboratu, eta kontrako bideari ekingo diogu oraingoan.

Hala eta guztiz ere, egin beharrekoak berberak izango dira: Melinoërekin gela desberdinak gainditzea da gure helburu nagusia. Erronka desberdinak aurkituko ditugu hauetan; orokorrean, etsai guztiak akatzen ariko gara, baina bestelako desafioak eta eskaintzak ere proposatuko dizkigute.

Borroka mekanikak mantendu badituzte ere, Zagreo nebak ez zituen botereak erabil ditzake gure jainkosa-sorginak. Arma berriekin hasiko gara, noski: sorginaren makila hartuko dugu hasieran, baina beste hainbat tresna hilgarri desblokeatuko ditugu gure abenturetan.

Jokalari guztien ezusterako, baina, ia-ia eduki guztiak biltzen dituen bideojokoa da early access fasean kaleratutakoa.

Eraso arrunta, berezia eta magia erabiltzeko aukera daukagu: lehen biak armaren arabera aldatuko dira, magia erasoa beti berdin mantentzen den bitartean. Makilak, esaterako, lehen jokoko lantzaren antzeko eraso arrunta dauka; bereziarekin, bestalde, etsaiei urrutitik tiro egiteko esfera magikoa jaurtiko dugu.

Magia erasoarekin arerioak harrapatzeko balio duen zirkulu magikoa sortuko dugu gure inguruan: barnean daudela min gehiago jasoko dute, geldi geratzeaz gain.

 

Dueluetarako baliabide gehiago

Berritasun nabarmenena Ω mugimenduen aldetik dator. Hiru eraso mota desberdinak kargatuta jaurtiko ditugun gaitasun bereziak dira; kasu honetan ere, eskuetan daramagun armaren araberakoak ditugu. Makilaren adibideekin jarraituz, Ω erasoarekin aurrean nahiz atzean ditugun arerioak joko ditugu; Ω bereziak esfera magikoa indartuko du, area efektua sortuz; Ω magiak, bukatzeko, harrapatutako etsaiak minduko ditu zirkulu magikoaren efektua bukatzerakoan.

Ω mugimenduak erabiltzeko mana puntuak erabili beharko ditugu. Bakoitzak kopuru desberdina beharko du, eta, hasiera batean, ezingo ditugu errekargatu hurrengo gelara iritsi arte. Horrela, mekanika sinple bezain interesgarria eratu dute borrokak biziberritzeko.

Mugimenduekin jarraituz, infernuko izakien erasoak saihesteko balio duen bulkadarekin (dash) batera lasterka egin dezakegu orain. Azkarrago aritzeaz gain, esprintatzerakoan soilik erabil daitezkeen ahalmenak ere lortuko ditugu partidetan.

Erronkei aurre eginda, saria eskainiko dizkigute: gelara sartu aurretik adieraziko zaigu zein den bertan lortuko duguna, eta askotan bi gune edo gehiagoren artean hautatu beharko dugu.

 

Botere jainkotiarrak biltzen

Jainkoen bedeinkapenak dira, oraingoan ere, saririk erakargarrienak: izaki jainkotiarren iruzkin pare baten ondoren jasoko ditugun denetariko erasoak zein abileziak hobetzeko balio dituzten botereak dira. Esaterako, Hestia jainkosak suzko erasoak egitea ahalbidetu diezakegu, erasotako munstroak kiskaliz.

Zeus jainkoak elektrizitatea darabil, hotza Demeter-ek… Berritasun nagusiena Selene jainkosaren aldetik dator: mana puntuak xahutzerakoan desblokeatuko diren aztikeria hilgarriak eskainiko dizkigu, Zagreoren deialdiak ordeztuz.

Ausazko botereen zerrenda azalduko zaigu bedeinkazioak hartzerakoan, eta hiruren artean aukeratu beharko dugu, normalean. Bakoitzaren maila desberdinak daude, gainera, bedeinkapen arruntetatik hasita kondairazkoeraino.

Dedaloren mailuak armen erasoak hobetuko dizkigu, urrearekin erosketak egin ditzakegu Karonte-ren dendan, bihotzek zein mana botilek gure bizitza eta magia barrak areagotuko dituzte… Orokorrean, lehen jokoan aritutakoek ez dute ezusteko handirik aurkituko sarien artean.

Konbinaziorik eroenek jarraitzen diote jokoari mami guztia eskaintzen. Lehen partidetan ez dugu ezer berezirik aurkituko, baina denetariko ezaugarriak desblokeatzen joan ahala erasoaldi bakoitzean dozena bat bedeinkapen eta hobekuntza nabarmen bilduko ditugu.

Kaosa izango da nagusi gehienetan, tximistak, izotza, sua, burdina eta gehiago nahastuko baitira gure borrokotan, pantaila efektuz beteta, eta arerioen artean sarraskiak eraginda. Bedeinkapenen arteko lotura egokienak aurkitzea gozamen hutsa da, batez ere, ondorio eroak dakartzatela ikusterakoan.

Armen, abilezien eta bedeinkapenen kopuru esanguratsua aurkituko dugu sarbide goiztiarraren lehen bertsioetan; zoritxarrez, askok oraindik oreka eta txukuntze aldaketak behar dituztela nabari da. Horiek early access fasean jasoko ditugun eguneraketa txikien bidez inplementatuko ditu Supergiantek. Dagoeneko lehenengoa argitaratu dute, batez ere bulkadarekin eta esprintarekin egondako kexak zuzentzeko asmoarekin: zehatzagoak eta azkarragoak sentitzen dira orain, eta benetan eskertzekoa da.

 

Hadesaren hedapena

Guneei dagokionez, kokalekuen zenbakia nabarmen areagotu da lehen jokoarekin alderatuta. Ez dut spoilerretan sartu nahi, baina asebeteta geratu naiz zentzu honetan. Aniztasuna areagotzeaz gain, oinarrizko premisa aldatzen doa batetik bestera. Originaleko Estigiako tenpluaren adibidea hartu nahi dut: hemen ausazko probak aurkitzen genituen, gainerako tokietan ikusitakotik urrunduz. Bigarrenean halako berritasun gehiago aurkituko ditugu, partida bakoitzari freskotasuna gaineratuz.

Bidegurutzeetan daukagun baseak objektuak, armak eta bestelako aurrerapenak desblokeatzeko balioko digu; horrez gain, bertan kokatuko dira gure abenturan ezagutuko ditugun pertsonaia nagusi gehienak, eta hauekin harremanak sendotzeko aukera daukagu sari desberdinei esker.

Hecate, Odiseo edo Nemesis ezagunak ikusiko ditugu, besteak beste. Aholkuak ematearekin batera, gidoia dinamizatzen laguntzen dute; ez, gure helburu nagusia bete arte ez dugu benetan aurrera egingo, baina ekintza errepikakorraz haratago bizitza dagoela adierazten dute.

 

Hobe ezazu zure burua urrunago iristeko

Abenturetan zehar aurkitutako aztikeriekin base erdian dagoen lapikoa erasoaldietarako hobekuntza iraunkorrak aktibatzeko erabil dezakegu; gainera, lorezaintza lanak egiten ibil gaitezke, basea txoko eta eraikin berriekin txukuntzen, edo salerosketan.

Jainkoen bedeinkapenak dira, oraingoan ere, saririk erakargarrienak

Sorginak erabil ditzakeen karta arkanoak berebizikoak izango dira gure pertsonaia hobetzen joateko. Baliabideak bildu beharko ditugu desblokeatzeko, baina behar-beharrezko hobekuntza iraunkorrak dira guretzat: bizitza edo magia gehiago, Ω mugimenduak kargatzerakoan denbora geldoaraztea, berpizkundeak… lehen jokoan gaueko ispiluak betetako antzeko funtzioa daukate, baina gure puntu arkanoak gehitu beharko ditugu karta gehiago aktibatzeko.

Erasoaldiak hasi aurretik gure tresnak aukeratuko eta probatuko ditugu armategian; era berean, soinean eramango ditugun objektuak ere hartuko ditugu hemen, baita mirabeak ere, hainbat hobekuntza eskainiko dizkiguten maskotak, alegia.

 

Beste partida bat?

Roguelikek erakarri egin behar dute, beste partida bat jokatzeko gogoa eragin. Horixe bera desblokeatzeko dauden dozenaka elementuekin lortzen du Hades 2k: partida bakoitza bukatzen dugunean ziurrenik zerbait berria lortu ahalko dugu, baina, hau desblokeatuta, erasoaldi berrian probatzeko gogoak edukiko ditugu.

Hori behin eta berriz errepikatzen denez, formula ezin hobea asmatzen du; are gehiago, ibilaldietan aurkituko ditugun gauza berriak ere gehitu behar zaizkio, objektuak zein hizketaldiak. Dibertigarria da, laburbilduz, eta ez du nekatzen.

Atal grafikoaren aldetik, ez dugu jauzi handirik nabariko hasiera batean: lehen jokoaren maila berbera ikusiko dugu pertsonaien 3D modeloetan nahiz irudietan —pertsonalki lehen jokoko ilustrazioak nahiago ditut, baina bigarrenekoak ere itzelak dira—, efektuetan eta bestelakoetan.

Behin alderatzen hasita, Hades 2ren grafikoak ederragoak direla ikus dezakegula aitortu beharra dago; izan ere, pertsonaiek askoz xehetasun maila handiagoa erakusten dute, eta gauza berbera gertatzen da kokalekuekin.

Orokorrean, sarbide goiztiarrak maila aparta erakusten du. Bukatuta dauden hainbat joko baino luzeagoa da, eduki gehiagorekin… baina are garrantzitsuago, ikaragarri dibertigarria da: ordu luzeak emango ditugu Melinoë laguntzen. Roguelike zalea izan edo ez, harrapatzea lortzen duen abentura horietakoa.

Roguelikeak early accessekin modu aproposean lotzen direnez, orain jokatzen hasteak ez dakar alde negatibo larririk. Eduki mordoa aurkituko ditugu aurretiazko sarbideko mailetan, baina etorkizuneko eguneraketek ekarritako ezaugarri berriak modu organikoan gehituko dira gure partidara.

Hades 2k oraindik hobetzeko alor asko ditu: armei buelta pare bat eman behar zaie, amaitu gabeko edukiak txukundu… baina, zorionez, zaleei jaramon egiten dabiltza, eta poztekoa da. Supergianten esku onari nahiz komunitatearen babesari esker obra borobila irten daiteke. Garapen prozesu horretan parte hartzeko gogoz bazabiltza, early access fasean sartzea esperientzia ederra da: dozenaka ordu eskaintzen dituen sekulako jokoan murgil gaitezke dagoeneko.