Warsong eguneratzeak oreka aldaketa eta hizketaldi mordoa gaineratu ditu. Behin betiko jokoak ez dauka kaleratze datarik.
Supergiant Games estudioak Hades IIren aurretiazko sarbidea garatzen dihardu. Bigarren eguneraketa handia iragarri eta kaleratu du, roguelike abenturari askotariko edukiak inplementatuta.
Warsong izeneko gaurkotzearen aldaketen eta berritasunen zerrenda luzea eta asetzekoa da. Kontuz spoilerrekin, jokoa ezer jakin gabe hasi nahi duzuenok.
Infernutik gora egitea hautatzen dutenek azken borroka aurkituko dute lurrazalean. Orain arte tupustean bukatzen zen ibilbideari bukaera eman diote Supergiantekoek, beraz.
Jainko berria azalduko zaigu gure bidaietan. Tira, ezagutzen genuen: Ares gudaren jainkoak bere bedeinkapenak eskainiko dizkio Melinoë protagonistari. Bedeinkazioekin jarraituz, gainerako jainkoek berritasunak eskainiko dizkigute gaurkotzearekin. Are gehiago, animalia adiskide berria ere aurki dezakegu: bere laguntza lortuz gero, borroketarako kide fidela eskuratuko dugu.
Bidaia bakoitza hasi aurretik beti bisitatzen gabiltzan errautsen aldarean aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu hurrengo partidan. Arcana karten irudiak gehitu dituzte, orain arte agertzen ziren zenbakiak xehetasunez betetako menuarengatik ordeztuz. Egileek diotenez, “beste hainbat menu ere hobetu dira”.
Antzekoa gertatzen da baliabideak lortzeko materialekin: hauek hobetzeko aukera daukagu orain elementuen bilketa azkartzeko. Bukatzeko, 2.000 hizketaldi zein hainbat abesti gehiago entzungo ditugu, adiskideekin zein etsaiekin bizitzeko ekintza berriekin batera.
Hemen irakur ditzakezue inplementatutako berritasun guztiak.
Hirugarren eguneratzea prestatzen…
Supergiantekoak etorkizuneko edukiei begira jarri dira bigarren eguneratze handia kaleratu bezain laster. Hades IIren 1.0 bertsioa heldu aurretik hirugarren gaurkotzea argitaratzeko asmoa agertu dute. Hau prestatzen hasiko dira oraingo Warsong adabakiak ekar ditzakeen akatsak zuzentzen dituzten bitartean.
Hiru ezaugarritan ardazteko helburua dute hurrengo eduki gehigarriari begira. Hasteko, arma nagusien itxurak areagotzen eta txukuntzen ariko dira; gainera, buruzagiak zeharo garrantzitsuak direla diote, eta horien aurkako borrokak ere hobetu gura dituzte; bukatzeko, 1.0 bertsioaren aurretik narratiba eta istorioa hedatzen saiatuko dira.
…azken bertsioa kaleratu ahal izateko
Aurretiazko sarbidearen hirugarren DLCaren ostean, azkenik, 1.0 bertsioa merkaturatzeko azken elementuak doitzen hasiko dira egileak. Oraindik ez dauka argitaratze data zehatzik, baina, Hades originalaren sarbide goiztiarrarekin egindakoa errepikatzen badute, bigarren urteurrenarekin behin betiko jokoa argitaratuko dutela suposa dezakegu.
Hortaz, 2025 bukaerarako edo 2026 hasieran Hades IIren 1.0 adabakia ikus dezakegu. Noski, horrekin batera beste hainbat port jasoko genituzke: PlayStation, Xbox eta Nintendo kontsoletakoak, zehazki. Oraingoz, Hades II PCan joka dezakegu.
Supergiant Gamesen azken bideojokoa ikaragarri gustatzen zaigu, early access fasean aurkitzen bada ere. Gure aurrerapenean “dozenaka ordu eskaintzen dituen sekulako jokoa” dela azaldu genuen:
Hades 2k oraindik hobetzeko alor asko ditu: armei buelta pare bat eman behar zaie, amaitu gabeko edukiak txukundu… baina, zorionez, zaleei jaramon egiten dabiltza, eta poztekoa da. Supergianten esku onari nahiz komunitatearen babesari esker obra borobila irten daiteke
Iruzkinak