Melinoë protagonista berria gidatuko dugu infernutik. Ordenagailuko jokalariek aurretiazko sarbidean joka dezakete iaztik.
Supergiant Games taldeak Hades IIren kaleratze data zehaztu du Nintendo Direct zuzenekoan. Irailaren 25ean estreinatuko da roguelike abenturaren jarraipenaren 1.0 bertsioa Switch, Switch 2 eta PC gailuetan.
Originalaren premisa berbera mantenduko du jarraipenak: ikuspegi isometrikodun akzioa eta roguelike mekanikak uztartuko ditu antzinako Greziako girotzearekin. Bigarrenean Melinoë dugu protagonista: Zagreus-en arreba, alegia. Berarekin batera Chronos zitalari aurre egin beharko diogu, familia giltzapetu ondoren.
Aurretiazko sarbidean estreinatu zen iaz Hades II: balorazio bikainak jaso zituen hasiera batetik, baina ordutik hona askotariko eguneraketa handiak zein txikiak prestatu dituzte egileek, mekanikak, armak, abileziak, pertsonaiak, bedeinkazioak eta mailak gehituta. Azkena, The Unseen eguneratzea, duela bi hilabete jaso genuen, baina aurretik Warsong eta Olympic gaurkotzeak ikusi ditugu.
Game Erauntsiatik oso ondo hitz egin genuen sarbide goiztiarraren lehen bertsioagatik. Gure aurrerapenean “dozenaka ordu eskaintzen dituen sekulako jokoa” dela azaldu genuen:
Hades IIk oraindik hobetzeko alor asko ditu: armei buelta pare bat eman behar zaie, amaitu gabeko edukiak txukundu… baina, zorionez, zaleei jaramon egiten dabiltza, eta poztekoa da. Supergianten esku onari nahiz komunitatearen babesari esker obra borobila irten daiteke.
1.0 bertsioarekin are berritasun gehiago prestatu dituzte Supergiantekoek; oraingoz, plataforma arteko gordetako partidak baino ez dituzte iragarri.
Irailaren 25ean merkaturatuko da Hades II Switch kontsoletan eta PCan. Etorkizunean PlayStation eta Xbox bertsioak aurreikusten dira.
Iruzkinak