Supergiant Games-en akziozko roguelike ikaragarria PCan eta Switch gailuetan jokatu dugu.
Hades IIren port berriak aditzera eman ditu Supergiant Games indie taldeak. PlayStation 5 zein Xbox Series plataformetan kaleratuko du apirilaren 14an.
Iragarpena Xbox Partner Preview aurkezpenean egin dute Supergiantekoek. Melinoë jainkosaren abentura iaz iritsi zen PCra eta Switch gailuetara —ordenagailuetan aurretiazko sarbidea geneukan 2024tik—, balorazio aparta bilduta jokatu dutenen artean.
Egileek ez dute aipatu bertsio berrientzako eduki gehigarririk, oraingoz. Bideoan, baina, irudi berriren bat edo beste ikus dezakegu. Berritasunik gabe ere, ordu luzez gozatzeko roguelike abentura aurkituko dugu Hades IIn; lehen jokoaren oinarriak hartuta, etsaiz betetako gelak gainditzen, abileziak indartuko dizkiguten bedeinkazioak lortzen, basea txukuntzen eta harremanak estutzen ariko gara, ibilbidea behin eta berriro errepikatuz.
Aurretiazko sarbideari analisia eskaini genion Game Erauntsian, joko “ederra” zela esanez:
Hori behin eta berriz errepikatzen denez, formula ezin hobea asmatzen du; are gehiago, ibilaldietan aurkituko ditugun gauza berriak ere gehitu behar zaizkio, objektuak zein hizketaldiak. Dibertigarria da, laburbilduz, eta ez du nekatzen.
Ondoren, 1.0 bertsioan ere aritu gara, eta are hobea irudi zaigu. Eduki mordoa, istorio aparta eta zaindutako aurkezpena ikusiko ditugu bigarren Hadesen.
PS5 eta Xbox Series kontsoletako jokalariek apirilaren 14tik aurrera jokatu ahalko dute.
Lander Unzueta
Iruzkinak