Steam eta Epic Games Store saltokietan abiatuko dute Supergiant Games-ekoek. Aurretik proba tekniko itxia egingo dute.
Supergiant Games taldeak euren azken maisulanaren jarraipenari buruzko berritasunak iragarri dituzte. Hades IIren sarbide goiztiarrak argitaratze data dauka azkenik: 2024ko bigarren hiruhilekoan hasiko da, iragartzerakoan aurten abiatuko zutela agindu arren.
Berria blog ofizialean eman dute, hainbat xehetasun argituta. Sarbide goiztiarra Steam eta Epic Games Store plataformen bidez burutuko dute; zaleek eskertuko duten aldaketa, joko originalaren early access sasoia Epicekoenean soilik egin baitzen.
Data zehatza, prezioa eta PCn gutxieneko baldintzak abiatze eguna hurbildu ahala iragarriko dituzte. Garatzaileek diotenez, “Hades IIren sarbide goiztiarrak lehen atalaren early accessak izandako beste eduki eta ezaugarri eskainiko ditu”. Jokoa erosi bezain laster jokalarientzat merezi duen lana izatea nahi dute Supergiantekoek.
Fase honetan eguneraketekin eta hobekuntzen jarraitzea da asmoa. Jokalariek eskainitako feedbackarekin “jokoaren oinarriak fintzen eta hobetzen” ariko direla diote. Istorioa eguneratze bakoitzarekin handitzen joango da, pertsonaiak gehituz eta hauen arteko harremanak areagotuz.
Garapen prozesu luzea prestatu duela iragarri dute; izan ere, sarbide goiztiarra hasi aurretik proba teknikoa egongo da. Hau jokalari kopuru txiki bati zuzendutako alfa itxia izango dela diote. Horrela, “early accessean jokatzen dutenek esperientzia gozagarria bizitzea” bilatzen dute.
Helmuga, noski, Hades IIren 1.0 bertsioa da: azken ukituak eman eta istorioa bukatzerakoan helduko dira behin betiko jokora. Zoritxarrez, oraindik ezin dute datarik finkatu: “Ez dakigu zenbat denbora hartuko duen Hades IIren 1.0 eguneraketara iristeko, sarbide goiztiarrekin dugun esperientziarekin ezustekoak espero izatera ikasi baitugu”.
Oraingoz oinarrizko edukiak sortzen eta prestatzen ari dira. “Jainkoen bedeinkazioak, inguruneak, pertsonaiak, armak, istorioko jazoerak, musika eta gehiago” aipatzen dute arduradunek, beraz sarbide goiztiarrean sortutakoak ezagutuko ditugu.
Maisulana finduz
Hades II greziar mitologian girotuko da berriz, baina protagonistaz aldatuta: Zagreo kontrolatu beharrean bere arreba Melinoë da ehundaka arerio akatuko dituena.
Roguelike mekanikek jarraituko dute, baina: partida bakoitzean erronka desberdinak gainditu beharko ditugu, baina gure pertsonaia hobetuz joango denez, geroz eta urrunago iritsi ahalko gara.
Jatorrizko jokoa ikaragarrizko obra iruditu zitzaigun Game Erauntsian. Hauxe esan genuen gure analisian:
Rogueliken barruan gauza berezirik egin gabe, bildutako guztia modu bikainean egitea da Hadesen indargunea. Atal guztiak landu eta perfekzionatzen ditu Supergianten jokoak, baina are garrantzitsuago, dibertigarriak izateko aparteko ahalegina egiten du era guztietako gehigarriak gehituta.
Esan bezala, Hades IIren sarbide goiztiarra 2024ko bigarren hiruhilekoan hasiko da.
Iruzkinak