Episode 3 espantsioari buruz hitz egin dute egileek. HL2 doan eskura daiteke, baina azkar ibili beharra dago.

2004ko azaroaren 16an iritsi zen saltokietara, edo, hobe esanda, saltokira, Half-Life 2. Steam plataformaren lehen joko esklusibo handiak —nahiz eta fisikoan inolako DRMrik gabe joka zitekeen— 20 urte bete ditu; hori ospatzeko, Valve enpresak eguneraketa, webgune zein dokumental bereziak argitaratu ditu.

20. urteurreneko adabakiak hainbat aldaketa handi dakartza. Hasteko, oinarrizko jokoa bi espantsioekin elkartu du: HL2 originala Episode 1 eta Episode 2 DLCekin batera aurkituko dugu orain Steamen. Menu nagusitik sar gaitezke bakoitzera, eta istorioak automatikoki jarraituko du atal nagusietako bat bukatzean.

Horrez gain, garatzaileen iruzkinak entzun ditzakegu jokatzen gabiltzan bitartean. Duela urtebete estreinatutako HL originalaren 25. urteurrenean egin antzeran —baita Portal jokoetan ere—, talde originala elkartu dute joko osoan zehar garapenaren erronkak eta ideiak aipatzeko: hiru ordu t’erdi inguruko grabazioa inplementatu diote HL2ri.

Bukatzeko, Steam Workshop mod-en euskarri ofiziala ere gehitu diote akziozko joko maitatuari. Eraldaketak azkar batean aurki eta instala ditzakegu, hortaz: webgunean sartu, eta interesatzen zaizkizunetara harpidetu baino ez dugu egin behar jokoan edukitzeko. Mailak, modeloak, armak eta soinuak gehi daitezke, besteak beste.

Eguneraketa eta aldaketa txikiagoak ere jaso ditugu, zorionez. Tituluko mapa guztiak errepasatu dituztela diote Valvetik: garatzaileek akats txikiak zuzendu, galduta ezaugarriak berrezarri eta bereizmen zein laino akatsak konpondu dituzte.

Atal grafikoaren menua eraberrituta aurkituko dugu. Jokoa kaleratzerakoan prestatutako odol eta su efektuak aukera ditzakegu orain, edo espantsioetarako sortutakoak erabili joko osoan zehar. Kalitate handiko modeloekin eta itzalekin ibil gaitezke, gainera.

Kontrolak dira ukitutako azkenak. Nola ez, Steam Deck gailurako zein gaur egun PCko jokalarien gehiengoak erabiltzen dituen aginteentzako euskarria gehitu gura izan dute; hori horrela, Steam Input bidez mandoarekin lasai batean joka dezakegu HL2n. Menuak ere horrela nabigatzeko bideratu dituzte.

Dokumentalari dagokionez, bi orduko iraupena duen ikus-entzunezko benetan interesgarria ikus dezakegu Valven YouTube katean:

Garapenaren inguruko hainbat gai jorratzen dituzte bertan: hurrengo mailara igarotzearen beharra, errendimendua, fisika ikusgarriak, mundu zabala zein beste zenbait gako dituzte hizpide… ez hori bakarrik, demandak eta argitaletxeekin edukitako arazoak ere aipatzen dira. Episode 3 argitaratu gabeko espantsioa ere agertzen da, zelan ez. Ikustekoa, benetan.

Deskargatzeko irudi nagusiak, entzuteko soinu bandak, erosteko liburuak, demo zaharren bideoak… urteurren ederra eskaini dio Gabe Newell-en taldeak askorentzako bideojokorik onena denari. Onena? Half-Life 2 zein bere espantsioak dohainik eskura ditzakegula: Steamen liburutegira gehitu, eta betirako gordeko zaigu. Azkar ibili, baina, eskaintza gaur bukatzen baita!