Guztira hiru orduko iraupena duten iruzkinak entzun daitezke Valven azken abenturan zehar.
Aurton argitaratutako bideojoko berezienetako bat izan da Half Life: Alyx. Valven saga ezagunaren itzulera izateaz gain errealitate birtualeko jokoei bizi berri bat ematea lortu du Half Lifen unibertsoan oinarritutako azken abenturak. Orain, obra hori sortzera eramandako erabakiak eta jokoaren garapenean izandako erronkak ezagutzera emateko aukera eskaini dute garatzaileek.
Guzti hori doako eguneraketa baten bidez egin dute. Horrekin garatzaileek grabatutako audio bidezko azalpenak gehitu dituzte bideojokoaren kokaleku desberdinetatik.
“Berrogeialdian Steam Workshopen euskarria argitaratu genuen jokorako, eta udan Half Life: Alyxen garapenari buruz hausnartzeko denbora izan dugu”, adierazi dute garatzaileek. Hori horrela, audio grabaketen bidez garapena, artea, diseinua, animazioa, soinua eta beste hainbat alor jorratzen dituen dokumental berezia eratu dute: grabazio guztiak batuta hiru orduko iraupeneko dokumentala entzun daiteke.
Horiek entzuteko Developer Commentary deitutako ezaugarria aktibatuta joko berria hasi beharko dute jokalariek. Audioetako azalpenek joko osoko spoilerrak dituela nabarmendu dute garatzaileek, eta hortaz aldez aurretik jokoa gaindituta edukitzea gomendatzen dute.
Ez da Valvekoek hau egiten duten lehen aldia: Portal edo aurreko Half Lifetan ere ezaugarri berbera gehitu zuten.
Iruzkinak