Azaroan iragarri zuen Valvek Half-Life saga arrakastatsuaren bideojoko berria; Alyx akziozko errealitate birtualeko jokoa izango da.
Txio baten bidez, Valvek bere hurrengo bideojokoaren argitaratze-data iragarri du. Steamek martxoaren 23an jasoko du Half-Life: Alyx.
Datarekin batera hainbat irudi berri erakutsi dituzte Steameko arduradunek. Gainera, jokoa erreserbatu dutenentzat zuzendutako gehigarriak martxoaren 2ko astean banatuko dituztela zehaztu dute; lehen gehigarria "Steam VR Homen erabiltzeko Half-Life: Alyxen oinarritutako pasaiak" izango dira.
"Bere hastapenetatik errealitate birtualerako sortutako jokoa" dela adierazi du Valvek. Saga First Person Shooter generora itzuliko da, baina errealitate birtualak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu nahi ditu Valvek.
Lehenengo eta bigarren Half-Lifen artean oinarrituta, Alyx Vance izango da jokoaren protagonista. SteamVR APIa erabiltzen duen errealitate birtualeko gailuekin erabilgarria izango da: Valve Index, HTC Vive, Oculus Rift eta Windows Mixed Reality gailuekin jokatu ahalko da Alyxera. Valve Index erosi dutenentzat doakoa izango da HL: Alyx.
Jokoarekin batera Source 2 motor grafikoan sormen proiektuak egiteko tresnak ere emango ditu Valvek. Horiekin Alyxen erabiltzeko eszenario berriak sortu ahalko dituzte erabiltzaileek.
Iruzkinak