Xbox Series eta PC bertsioekin batera prestatzen dabiltza Halo Studios-ekoak. Kanpainan ardaztuko dira, misio berriekin eta lau jokalarirentzako kooperatiboarekin.
Halo: Campaign Evolved iragarri dute Xbox-ek eta Halo Studiosek. Halo World Championship txapelketaren aterpean egindako aurkezpenak esperotako ezustekoa ekarri du: PlayStation 5ean kaleratuko da datorren urtean.
Xbox Series eta PC gailuetarako bertsioekin iritsiko da, noski, Sony-ren kontsolarako bideojokoa. Halo: Combat Evolved lehen bideojokoaren berregitea da: Unreal Engine 5 garapen motorea erabiltzen dabiltza atal grafikoa eratzeko.
Halo frankizia bere hastapenetatik jokalari bakarrarentzako modalitateetara zein online partida lehiakorretara bideratutakoa bada ere, Campaign Evolvedekin, izenak adierazten duen bezalaxe, kanpainan ardaztuko dira. Hori horrela, originaleko misioak berreginda aurkituko ditugu; tartean, baina, hiru atal berri jokatuko ditugula aurreratu dute egileek.
Armategi zabalagoa, ibilgailu berriak eta mugimenduak bilduko ditu remake-ak, gainera: adibidez, botoi bat sakatuta lasterka egingo du oraingoan Master Chief protagonistak. Skull eraldatzaileak ere ikusiko ditugu, borroketako ezaugarriak eta mekanikak aldatzeko balioko dutenak.
Kanpainara bideratuta egon arren, Campaign Evolvedek ez du multijokalaria alboratuko; izan ere, lau jokalarirentzako kooperatibo modalitate sakona eskainiko digu, istorio osoa lagunekin gainditzea ahalbidetuz. Tokiko multijokalaria bi lagunentzako prestatuta egongo da, baina sare bidezkoa plataforma artekoa izango dela adierazi dute, Xboxeko, PCko nahiz PlayStationeko lagunak elkartuz.
Halo: Campaign Evolved 2026an argitaratuko da Xbox Series, PC eta PlayStation 5 gailuetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak