343 Industries-en jokoa berandutu zenetik jokalari bakarrarentzako abentura erakusten duten lehen aldia da. Abenduan estreinatuko da Xbox kontsoletarako eta PC-rako.
Gutxi falta da Halo Infinite estreinatzeko; geroratze handia jasan ondoren Microsoft-ek tiro joko berriaren irudi gutxi batzuk soilik zabaldu ditu sareetan, eta bat ere ez da izan kanpainarena. Izan ere, iazko Xbox Games Showcase aurkezpenean erakutsitako trailerrak kritika gogorra jaso zituen zaleen aldetik. Zuzenketak eta hobekuntzak agerian jartzeko unea iritsi da azkenik, eta jokalari bakarrarentzako joko mota bideo luzearekin erakutsi dute berriz.
“Halo Infinitek jokalariak Master Chief izatera eta benetako spartan askatasuna ezagutzera gonbidatzen ditu orain arteko kanpainarik handienarekin, zabalenarekin eta abenturaz betetakoarekin“. Horrela hasi dute trailerra 343 Industriesekoek, egindako lana erraldoia izan dela agerian jarri nahian.
Halo 5-en jarraipen zuzena izango da Infinite: Cortana bilatzeari ekingo diote jokalariek. Erantzuna Zeta Halon egongo da, eta hori esploratu beharko dute. Gune zabalak eta erraldoiak eskainiko ditu bideo-jokoak: hauek gotorleku desberdinekin kontrolatuta egongo da, eta horiek suntsituz gero, kokalekua bere esku hartu eta ibilgailuak zein bestelako laguntzak eskatu ahalko ditu protagonistak.
Erabakiak hartzerako orduan jokalariek izango duten askatasuna nabarmentzeko ere aprobetxatu dute. Mundu irekia izanik, helburu eta erronka desberdinei aurre egiteko aukera desberdinak egongo dira; ekipamendua hobetzeko menuak ere erakutsi dituzte gainera: era guztietako abileziak desblokeatuko ditu Master Chiefek, eta hauek nahi bezala erabili ahalko dira.
Ahalmen esanguratsuena iaz ikusitakoa da, baina: gantxoa. Tresna hau erabilita arerioengana hurreratu, ezkutuak kendu, armak batu eta askoz gehiago egin dezake soldaduak. Trailerreko unerik ikusgarriena zeruko borroka batean ikus daiteke, non protagonistak Banshee ontzi bat lapurtzen duen gantxoa erabilita.
“Haloren aro berria” abenduaren 8an hasiko da: Halo Infinite Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan estreinatuko da. Xbox Game Pass zerbitzuan ere gehituko dute lehen egunetik.
Iruzkinak