Estudioaren baliabideak orekatzeko asmoarekin hartu dute erabakia. Online kooperatiboa neguko eguneraketarekin iritsiko dela agindu dute.

Albiste txarrak Halo Infinite sofa berean lagun batekin gainditu nahi duten horientzat: Master Chief-en azken abenturaren tokiko kooperatiboa ezeztatu egin dute 343 Industriesek eta Xbox-ek. Halo Waypoint webgunean eman dute horren berri, eguneraketen ibilbide orri berria aurkezteaz gain.

Garatzaileek adierazi dutenez, erabakia “zuzeneko zerbitzuaren garapena hobetzeko eta bizkortzeko, zein jokalarien iruzkinei hobeto erantzuteko” hartu dute. Hori horrela, “estudioaren baliabideak berriz esleitu” dituztela jakitera eman dute.

Zaleek ez dute berria onera hartu; ez da harritzekoa, modalitate hau Halo sagaren ikurretako bat izan baita aspalditik. Hori horrela, sarean zehar kritikak hedatu dira.

Online kooperatiboa mantendu egingo dute, behintzat. Pasa den uztailean abiarazi zuten beta bertsioa, eta datorren azaroaren 8an hasiko duten bigarren denboraldian behin betiko modalitatea prest edukitzea aurreikusten dute. Kooperatiboarentzako lorpen bereziak, partekatutako jarraipena eta misioen errepikapena bilduko ditu joko motak.

Horrez gain, Forge editorean ere lanean jarraitzen dutela azpimarratu dute 343 Industriesekoek. 2. denboraldia kaleratzerakoan, azaroaren 8an, argitaratuko dute; hori bai, beta bertsioan iritsiko da. Editorearekin mapak eta joko motak sortzea ahalbidetuko diete jokalariei.

Agerikoa denez, atzerapenak eta arazoak nagusi izan dira Halo Infiniten garapenean. Titulua kaleratu aurretik denetariko oztopoak izan zituen bideojokoak, eta, behin argitaratuta, erritmo berean jarraitzen dutela dirudi. Momentuz, behintzat, arestian aipatutako ibilbide orria dute jokalariek jasoko dutena argi edukitzeko.

Halo Infinite Xbox kontsoletan zein PCan joka daiteke; multijokalaria doakoa da, gainera.