Chris Leek bere kargua uztea erabaki du. Joe Statenek hartu du kanpaina zuzentzeko ardura; multijokalariaz Pierre Hintze arduratuko da.
Microsoften joko irrikatuenak garapen problematikoa bizitzen ari da. Azaroan Xbox Series Xrekin eta Srekin batera kaleratu behar zen Halo Infinite datorren urtera atzeratzea erabaki zuten Xboxekoek, eta orain proiektuak eduki duen bigarren zuzendaria galdu du 343 Industriesek.
Jason Schreier kazetariak Bloombergen jakitera eman duenez Chris Leek jokoaren ekoizpenetik aldentzeko erabakia hartu zuen abuztuan: “Halo Infiniten garapena albo batera utzi eta beste aukera batzuen zain nago”.
Jokoaren atzerapena zaleen aldetik jasotako kritiken ondorioz eman zen. Aste batzuk beranduago 2008. urtetik 343 Industriesen lanean zegoen Leek bere kargua “baztertuta” ikusi zuela dio Schreierrek. Izan ere, Microsoftek Bungien lan egindako Joe Staten eta Halo: The Master Chief Collectioneko garatzaile Pierre Hintze jarri zituen kanpaina eta jokalaria zuzentzeko lanetan, hurrenez hurren.
Microsoftek azaldu duenez Leek enpresan jarraitzen du lanean. Halo Infinitek ez dauka argitaratze datarik oraingoz, baina 343 Industriesek eta Microsoftek datorren urtean argitaratuko dela baieztatu dute.
Iruzkinak