Azaroaren 5ean estreinatuko da Nintendo Switch-ean. Doakoa izango da Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzaren erabiltzaileentzat.
Animal Crossingen zaleek asko itxaron behar izan dute, baina Nintendoko arduradunek azkenik aurkeztu dute New Horizons arrakastatsuaren lehen ordainpeko DLC-a. Happy Home Paradise izenarekin, etxebizitzak apaintzeko eta dekoratzeko tresnak eta bideak ekarriko ditu.
Eduki gehigarria Animal Crossing Direct aurkezpenean iragarri dute. 24,99 eurotara merkaturatuko da, baina joan den astean aurkeztutako Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzuaren harpidedunek doan jasoko dute espantsioa.
Aireportu bidez ahalbidetuko dute sarbidea garatzaileek; izan ere, DLC-a irla huts eta berrian biziko da. Bertan Lottie pertsonaiarekin batera bezeroen oporraldirako etxebizitza bereziak sortzeko aukera egongo da Paradise Planning zerbitzuaren bitartez: bezeroaren gustuak eta nahiak jarraituta irla bat aukeratu, eta etxeen kanpoaldeak zein barnealdeak dekoratuko dituzte jokalariek.
Enkargu horiek beteta Poki deitutako moneta eskuratuko da. Horrekin altzari berriak erosi, eta norbere etxe perfektua eraikitzen hasi ahalko da. Bestelako eraikinak ere sortu ahalko dira: eskolak, ospitaleak eta gehiago gaineratuko dituzte garatzaileek. Horietan bezero berriak ezagutu eta harremanak sortu daitezke.
Nola ez, sortutako etxebizitzen argazkiak sarean zabaltzeko aukera edukiko dute diseinatzaileek. Happy Home Network-en norbere asmakuntzak partekatu, eta besteengandik inspiratzeko diseinuak ikusi ahalko dira.
Paradise Planningekin ikasitakoa irla nagusira eraman daiteke. Modu horretara ohiko etxea birmoldatzea eta gauza berriak sortzea posible izango da Happy Home Paradise espantsioarekin.
Berritasunekin betetako 2.0 eguneraketa
Eduki gehigarria ez da Animal Crossing: New Horizonsera iristear dagoen berritasun bakarra. Ordainpeko DLCarekin batera doako edukiak gaineratuko dituztela adierazi dute Nintendokoek.
2.0 eguneraketak Brewster usoa aurkeztuko du: The Roost deitutako kafetegi ezaguna irekiko du: museoaren lehen solairuan egongo da. 200 bell-en truke kafe beroa hartu, eta kafetegitik igarotzen diren bizilagunekin hitz egiteko aukera egongo da.
Kapp’n-ek, berriz, txalupan bidaiatzeko aukera eskainiko du. 1.000 bell ordainduta beste irla batera bidaiatu dezakete jokalariek; hauek urtaro desberdinak igarotzen egon daitezke, beraz modu erraz batean giroz aldatzea ahalbidetuko dute. Baliabide berriak eskuratzeko bidea izango da, noski.
Harv-en irla guztiz eraberrituko da 2.0 adabakian. Azoka irekia ospatuko da bertan: saltoki desberdinak bildu eta beraien merkantziak eskainiko dituzte. Redd, Saharah, Kicks , Katrina, Tortimer, Reese, Cyrus eta gehigao hurreratuko dira irlara. Azoka egitea lortzeko, baina, dirulaguntzak eman beharko dira.
Baratzean barazkiak eta fruituak erein, batu eta horiek sukaldatzeko errezetak ere gaineratuko dituzte eguneraketarekin. Gyroid deitutako dekorazio elementuak bueltan dira gainera, eta Tom Nook-ek zein Isabelle-k jarduera eta ezaugarri berriak eskainiko dituzte.
Happy Home Paradise ordainpeko espantsioa zein 2.0 eguneraketa azaroaren 5ean iritsiko dira Nintendo Switcheko bideo-jokora.
Iruzkinak