Stop Motion teknika erabiliz bizitzara ekarritako abentura grafiko ederra da. Slow Bros taldeak hamar urte daramatza garatzen.

Slow Bros estudioak Harold Halibut zoragarriaren argitaratze data iragarri du Future Game Show Spring Showcase aurkezpenaren baitan: apirilaren 16an estreinatuko dute ordenagailuetan eta egungo belaunaldiko kontsoletan.

Aspalditik gure begirada erakarri duen abentura grafiko berezia da Harold Halibut. Lurra atzean utzi duen espazio ontzian biziko dugu titulua… baina ez espero dezakegun moduan: ozeano estralurtarrean murgilduta bukatu du odisea hasi eta 250 urtera.

Harold protagonistaren rola beteko dugu. Ontziaren zientzialari nagusiaren laguntzailea izango gara, eta bere enkarguak betez hasiko ditugu gure abenturak. Berriz espazioratzea da helburu nagusia, baina gainerako bizilagunak bertan bizitzera ohituta daude jada.

Ontziko biztanleekin hitz egiten, esploratzen eta puzzleak gainditzen ibiliko gara, etxearen esanahia ulertu nahian gabiltzan bitartean.

Hamar urteko lanaren emaitza da Harold Halibut. Alemanian kokatutako estudio txikia da Slow Bros, baina ez hori bakarrik: stop motion eta claymation teknikak uztartuz, eskuz eratu dute bideojoko osoa, atal grafiko benetan berezia sortuta.

Apirilaren 16a iristeko zain gauden bitartean, tituluaren doako demoa proba dezakegu: Steam plataforman aurkituko dugu.

Harold Halibut PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da.

 

No Rest for the Wicked, Sand Land eta gehiago

Harold Future Game Showaren azken zuzenekoan agertutako joko bat baino ez da izan: dozenaka titulu bildu dituzte Games Radar agerkariko arduradunek.

Horien artean datorren hilabeteetan estreinatuko diren joko desiratuak egon dira: Moon Studio taldearen No Rest for the Wicked itxurosoa, Akira Toriyama mangakaren Sand Land ederrean oinarritutako bideojokoa, Senua's Saga: Hellblade II ikaragarria eta beste hainbat bildu dituzte.

Aurkezpen osoa hemen ikus dezakezue: