Eric Barone garatzaileak RPG eta simulagailu arteko abentura prestatzen ari da: txokolate lantegia kudeatuko beharko dute oraingoan jokalariek.
Stardew Valley da, zalantzarik gabe, azken urteetako indie bideo-jokorik arrakastatsuena. 15 milioi ale saldu ondoren, Eric “CorcernedApe” Barone garatzaileak prestatzen ari den hurrengo lana ezagutzera eman du: Haunted Chocolatier deituko da, eta nekazaritza simulagailuarekin antzekotasun handiak edukiko ditu.
Jostagarritasun bideoarekin aurkeztu du Baronek abentura berria. Stardew Valleyren sortzailearen lana dela ikus daiteke lehen segundotik: estetika eta menuak aurreko jokoaren berberak dira.
Haunted Chocolatierren baserria kudeatu beharrean txokolate lantegiaren arduradunetan bilakatuko dira jokalariak. Ohi bezala, lantegia martxan jartzeko osagaiak batu beharko ditugu, horiekin txokolate dastagarriak sortzeko eta ondoren dendan saltzeko. Bisitatzeko herrixka ere egongo da jokoan, eta bertako bizilagunekin harremanak sortu eta helburu berriak jasoko dira.
Lantegia, baina, madarikatutako gazteluan kokatuta dago: munstroak garaitu beharko dira, eta alde horretatik akziozko RPG kutsua hartuko du bideo-jokoak. Hori horrela, mekanika asko Stardew Valleyren antzekoak izango diren arren “oinarrizko jostagarritasuna eta girotzea oso desberdinak” izango direla nabarmentzen du Baronek.
Garatzaileak dioenez, bideo-jokoaren garapena lehen faseetan baino ez da aurkitzen, beraz ez du informazio askorik eman nahi; horrez gain, momentuz bakarka prestatzen ari da abentura hau. Proiektua 2020an hasi zuela azaldu du, baina orain gutxira arte Stardew Valleyren eduki gehigarriak prestatzen ibili denez, Haunted Chocolatier iluntzeetan prestatzen izan duen lana baino ez da izan. Are gehiago, ez da hasi duen lehen proiektua, baina “bukatuko duen aurrena” izango dela uste du Baronek.
Garapena hasi baino ez duenez egin, argitaratze data zehaztu gabe geratu da. Plataformei dagokienez, PC-rako ziur kaleratuko duela dio Baronek, baina “ahalik eta plataforma gehienetara iristea” nahi du.
Iruzkinak