Iaztik sarbide goiztiarrean joka daiteke Magic Design Studios-en lanean: akziozko roguelike abentura izango da.

Gure begiradak erakarrita, Have a Nice Death interesgarriak argitalpen data ofiziala aditzera eman du azkenik: martxoaren 22an kaleratuko du Gearbox Publishing argitaletxeak. Indie bideojokoa Nintendo Switch kontsolan nahiz ordenagailuetan jokatu ahalko da.

Magic Design Studios talde frantsesak akzioz betetako roguelike titulua prestatu du: Heriotzaren rola beteko dugu Death Incorporated enpresako egoera zuzentzeko asmoarekin. Lantegiko bulego eta departamendu desberdinak zeharkatuko ditugu “erritmo bizkorreko hack n’ slash borroketan parte hartuz”: gerra modernoen, adikzioen edo gaixotasun mentalen departamenduak ikusiko ditugu heriotzaren lantegian.

Horietan garaipena lortzeko 70 bat arma zein aztikeria eskuratuko ditu gure protagonistak; hauek hobetzeko tresnak ere aurkituko ditugu, gainera.

Roguelike baten aurrean gaudenez, “hiltzea” ohikoa eta ekidiezina da —nahiz eta Heriotza ez den benetan hilko—: partida bakoitzean lortutako ordainsariekin item zein hobekuntza interesgarriak desblokeatuko ditugu hurrengo saiakeretan are boteretsuagoak izateko. Horren harira, erronkek eta desafioek ere sari interesgarriak eskainiko dituzte, hauek gaindituz gero behintzat.

Tituluak sarbide goiztiarrean darama pasa den urteko martxotik. Ordutik hona denetariko ezaugarriak eta mekanikak gehitzen dizkioten lau eguneraketa handi jaso ditu Have a Nice Deathek: “munduak, buruzagiak, zailtasun mailak eta hobekuntzak” aipatzen dituzte arduradunek.

1.0 bertsioak, berriz, berezko etsai nagusi eta miniburuzagiak dakartzan departamendua —denboraren bulegoa, hain zuzen ere—, nahiz kanpainari itxiera emateko istorio edukiak gaineratuko dizkio Magic Designsen obrari.

Aipatutako guztiak probatzeko, esan bezala, martxoaren 22ra itxaron beharko dugu. Egun horretan estreinatuko da Have a Nice Death Switchean eta PCan.