505 Games-en Mecha robot erraldoiek multijokalaria alboratuko dute oraingoz sarbide goiztiarrean kaleratu den titulu eraberrituarekin.
Hawken Reborn iragarri du 505 Gamesek. Ordenagailuetan dohainik estreinatu den akzio eta tiro jokoa da. Jakitera eman dutenez, oraingoan jokalari bakarrari bideratutako titulua prestatu dute.
Bideojokoa sarbide goiztiarrean estreinatu da Steam plataforman. Sortzaileek komunitatearekin batera bideojokoa hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute; ia bi urteko garapen epea aipatzen dute 1.0 bertsioa prest edukitzeko.
Hawken originalak ehundaka bideojokalari harrapatu zituen 2012an PC-an eta 2016an kontsoletan estreinatutako tituluarekin. 2018an zerbitzariak itxi zituzten arren, gaur egun jokalari taldetxoa biltzen jarraitzen du 505 Gamesen lanak —Hawakening izeneko proiektuarekin, adibidez—; hori ikusita, proiektua berpiztu nahi izan dute.
Jokalari bakarrarentzako modalitateei indarra ematea arraroa izan da jatorrizko lanaren zaleentzat; izan ere, Hawkenen indargunea bere online komunitatea zen. Arduradunak honen inguruan mintzatu dira, “PvE-ari indarra emanez jokalari hasiberrientzako zailtasun hesia txikiagotu dela” azpimarratuz. Hori horrela, Hawken Reborn “PvE-an, narratiban zein munduan ardaztuko da oraingoz”.
Lehen pertsonan bizitako borroka ikusgarriak izango dira nagusi bideojokoan. Nahiz eta robot arinak izan, armategi boteretsua daramate gainean: eztandak eta leherketak tirokeketako gauzarik arruntenak dira.
Gure mecha pertsonalizatu ahalko dugu, nola ez: robotak zein armak sortzeko eta eraldatzeko txantiloiak erabili beharko ditugu jokoko dirua zein benetakoa xahututa. Garatzaileek adierazi dutenez, ez da ordainsari kaxarik egongo, eta uneoro jakingo dugu zer den erosten gabiltzana.
Esan bezala, Hawken Reborn gaur bertan merkaturatu dute 505 Gamesekoek: Steam plataformatik deskarga dezakegu ezer ordaindu gabe.
Iruzkinak