Modalitate kooperatiboak zein lehiakorrak proposatuko ditu berriz. Ordenagailuetan eta Switch kontsoletan argitaratuko da.

Heave Ho dibertigarriaren iragarpena aurkeztu dute Le Cartel estudioak eta Devolver Digital argitaletxeak: udan argitaratuko da Heave Ho 2.

Lehen atalean proposatutakoak hobetuko eta hedatuko dituztela zehaztu dute Nintendo-ren Indie World aurkezpenean; hau da, eskalatze kaotikoak eta dibertigarriak izango dira ardatz, beste behin, baina hobekuntzak ere agindu dituzte.

Nola? Are partida kaotikoagoak bideratuta: Sukaldeko su artean, eskiguneetako teleaulkietan gora edo espazio ontzian ibiliko dira oraingoan babarrun itxurako eskalatzaile ausartak. Kulunkatzea, arroketara heltzea, edo, kasurik okerrean, beste jokalariei amildegietatik behera jaurtitzea izango da ohikoena partidetan.

Multijokalaria izango da zutabe nagusia oraingoan ere, eta modalitate kooperatiboak nahiz lehiakorrak prestatzen dabiltza garatzaileak.

Switch 2, Switch eta PC gailuetan jokatu ahalko da Heave Ho 2; aipatu modura, uda honetan estreinatuko dute. 

 

Lehena, euskaraz

Joan den urte bukaeran Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitutako azken tituluetako bat izan zen, hain zuzen ere, lehen Heave Ho.

Game Erauntsia Elkarteak egindako itzulpen lanaren ostean, Windows zein GNU/Linux bertsioak eraldatzeko instalatzaile erabilgarriak prestatu zituen Ibai Oihanguren zale trebeak. Hemen aurkituko dituzue jokoa euskaratzeko beharrezkoak.