Belaunaldi berrirako prestatzen hasi dira, barne aldaketa handien artean. GDC azoka xehetasun gehiago eskainiko dituztela adierazi du Asha Sharma Microsoft Gaming-eko ard
Xboxek kontsolen belaunaldi berria ezagutzera eman du. Helix proiektua izenpean, mahaigaineko kontsolak zein ordenagailuak batzea helburu duen gailua prestatzen dabiltza.
Bideo motzarekin eta Asha Sharma Microsoft Gamingen arduradun nagusi berriaren mezuarekin aurkeztu da kontsola berriaren proiektua. Logoa baino ez digute utzi bideoan; Sharmak, baina, datu interesgarriagoak aitatu ditu.
“Helix proiektua errendimenduan buru izango da, zure Xbox zein PC tituluak jokatzeko gaitasunarekin“. Aspaldiko hilabeteetan zabaldutako zurrumurruak benetakoak direla esan dezakegu; adibidez, otsail hasieran iturri desberdinen aldetik jasotako berriak bildu genituen artikulu berezian.
Windows 11 sistema eragile mugatua edo sinplifikatua oinarritzat hartuta, jokatzeko kontsola itxuradun PCa sortu nahian dabiltzala aipatu genuen. Ez da, egia esan, aurreko belaunaldietan hartutako estrategiatik asko urruntzen den erabakia —azken Xbox kontsolen eraldatutako Windows erabiltzen dute—: Sharmaren mezuarekin, ordenagailuko jokoak zuzenean exekutatzeko gai izango den gailua datorrela ulertzen da.
Pasa den urte bukaeran Valve-k ezagutzera emandako Steam Machine gailuaren antzeko zerbait, beraz, SteamOS erabili beharrean Windowsekin funtzionatuz.
Xboxen belaunaldi berria uste baino hurbilago egon daiteke: otsailean AMDko Lisa Su arduradun nagusiak aipatu zuenaren arabera, 2027an merkaturatzerako prestatzen dabiltza Microsoftekoak. Data pixkat mugi badaiteke ere, ez da gutxi geratzen Xbox Series-ak alboratzeko.
Laster jasoko dugu Helix proiektuari buruzko informazio gehiago: Sharmak datorren astean San Frantzisko hirian antolatuko den GDC azokan parte hartuko duela dio Helixen inguruan mintzatzeko.
Lander Unzueta
Iruzkinak