Urriaren 5ean estreinatuko du Black Matter-ek bere bideo-jokoaren kontsoletako bertsioa. Uztailean kaleratu zuten PC-rako.
Tiro jokoak ikusgarritasunera eta bizkortasunera bideratu dira azken urteetan. Battlefield eta Call of Duty bezalako jokoeta ikusitako jostagarritasuna nagusitu den arren, mekanika errealistagoetan ardaztutako obrak ikusi izan dira, batez ere garatzaile independenteeen eskutik. Horren adibide ezin hobea da belaunaldi berriko kontsoletarako iragarri berri duten Hell Let Loose.
Black Matter estudioak eta Team 17 indie banatzaile ezagunak sortutako tiro joko taktiko hau uztailean estreinatu zen Steam bidez, aurretik sarbide goiztiarrean jokatu zitekeen arren. Atal grafiko harrigarriarekin, bi taldetan banatutako 100 jokalari biltzen ditu partidetan.
Armak, tankeak, eta bestelako tresnak edukiko dituzte jokalariek aurkariak akatzeko, baina tiroak ez dira Hell Let Loosen elementurik garrantzitsuena. Alderdi taktikoari dagokionez, baliabideen kudeaketa ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko. Mapa erraldoietako alde desberdinak konkistatu beharko dituzte taldeek, horiekin laguntza bereziak lortzeko balioko duten baliabideak eskuratuta: ibilgailu berriak, aire erasoak eta bestelakoak erabili ahalko dira horrela, hainbat estrategia jokotan ikusi bezala.
Kontsoletako bertsioak PCko behin betiko bertsioarekin batera argitaratutako Offensive eta Warfare joko motekin batera estreinatuko dira gainera. Offensiven talde batek mapako alde guztiak konkistatuta hasiko du partida, eta aurkarien helburua horiek bereganatzea izango da. Warfaren, berriz, denbora bukatu aurretik alde gehien kontrolatzen dituen taldeak irabaziko du lehia.
PlayStation 5eko eta Xbox Seriesetako jokalariek elkarrekin jokatu ahalko dutela baieztatu dute arduradunek. Ez dute aipatu PCkoekin plataforma arteko jokoa ahalbidetuko duten, ordea. PS5ekoek tiro jokoa estreinatu aurretik frogatzeko aukera edukiko dute beta ireki baten bidez: irailaren 16tik 20ra bitartean antolatuko dute Black Matterrekoek.
Hell Let Loose urriaren 5ean kaleratuko dute PS5 eta Xbox Series kontsoletarako.
Iruzkinak