Ibilgailuak gidatzeko aukera eskainiko digu, helikopteroak barne. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara helduko da 2026an.

Expression Games taldeak Hell Let Loose tiro joko arrakastatsuaren jarraipena aurkeztu du. Hell Let Loose: Vietnamek girotze eta aro berriak eskainiko ditu 100 jokalari batzen dituen multijokalari errealista proposatzeko.

HLL originalaren antzera, taldelana eta pelotoien arteko kudeaketa eskatzen duen lehen pertsonako tiro jokoa dugu HLL: Vietnam. 50 jokalariko bi talde jarriko dira elkarren kontra sei mapa erraldoi desberdinetan.

Gudu zelai zabaletatik mugitzeko ibilgailuak itzuliko dira, hainbat berritasunekin. Espero bezala, armada estatubatuarreko helikopteroak eta bestelako aireko ibilgailuak gidatuko dituzte jokalariek oraingoan. Tiroka aritzera mugatu beharrean, soldaduak garraiatzeko zein baliabideak banatzeko ezinbestekoak izango dira, etsaiaren mugimenduak kontrolatzeko tresnak izateaz gain. Antzekoa gertatuko da ontziekin.

Vietnamdarrek, bestalde, zuloak eta tunelak eraikiko dituzte soldaduak mugitzeko eta ustekabeko erasoak prestatzeko. Mapa ezagutzea baliotsua izango da taldekoentzat, koordinatzeko gai izatearekin batera. Izan ere, komunikazioa ezinbestekoa da garaipena eskuratzeko.

Atal grafiko ikaragarriarekin errepikatuko dute beste behin Expression Games. Oihan sakonetako landaredian zehar tiroketa odoltsuak efektu ikusgarriekin ikusiko ditugu.

2021ean estreinatutako Hell Let Loose originalak balorazio bikainak eskuratu zituen zaleen aldetik. Ordutik hona hainbat eduki gehigarri eta espantsio jaso ditu, jokoak hazten jarraituz, eta babes horrekin segitzeko asmoa agertu dute egileek: HLL: Vietnamen argitalpenak ez ditu lehen atalarentzako DLCak etengo.

Hell Let Loose: Vietnam 2026an merkaturatzeko asmoa agertu dute Expressionekoek zein Team 17 argitaletxekoek. PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan ikusiko dugu.