“Armen eta erreminten eskaintza eraginkor mugatua” eraberritzera datoz Arrowhead-eko egileak, jokalari kopuruak gainbehera nabarmena jasan ondoren.

Helldivers 2 urteko ezusteetako bat izan den bezala, gainbeherarik handienetakoa ere bada. Tiro joko kooperatiboa berpizteko plangintzari ekin diote Arrowhead Game Studios taldeko arduradunek 1.001.100 eguneraketarekin: oreka zuzenketen eta berritasunen zerrenda luzea dakar adabakiak.

“Eskerrik asko zuon feedbackarengatik. Hainbat jokalarik mugatuta sentitzen direla aitortu dute erronkei aurre egiterakoan, askotan armen eta erreminten sorta mugatuari lotuta geratzen direlarik, beste aukera batzuk ez direlako horren eraginkorrak”, diote egileek eguneratzearen artikuluan.

Hori horrela, “armaduraren barneratzea, tankeen aurkako armak, etsaien armadura zein bizitza puntuak aldatu” dituzte. Oreka zuzenketokin, Helldivers 2ren arma sorta zabala une desberdinetan eraginkorragoa bilakatzea bilatzen dute; orokorrean, “zailtasun maila jaitsi” dela nabarmentzen du garatzaile taldeak, baina esperientzia dibertigarria egiteko aldaketa dela diote. Beharrezko aldaketa, zailtasun maila gorenetan ihesean aritzeko jokoa zela adierazten baitzuten zenbait jokalarik.

Orekatzea baino gehiago prestatu dute adabakirako: mekanika berrien artean mapa galaktikoan baliabide garrantzitsuak identifikatzeko aukera dago, horrela misio larrienetara jotzeko. Emotikonoentzako gurpila ere gehitu dute. Horiez gain, muturreko eguraldien sistema estatikoa dinamikoa izango da orain, batailetan aldatuz.

Eguneraketa iritzi positiboen artean estreinatu da: Steameko balorazioak jarraituz gero, atzo arratsaldetik baikorragoak direla ikus daiteke. Gauza bera gertatzen da jokoaren foroetan, erabiltzaileek beharrezko aldaketak zirela aldarrikatzen baitute.

Jokalarien kopuruak ere gorakada nabarmena jasan du: azken asteetan 20.000 jokalari inguru batzen izan ditu Steamen, baina azken orduotan 60.000 jokalarien langa gainditu du.

1.001.100 adabakia ez dela azkena izango diote egileek: “bigarren oreka zuzenketa argitaratzeko asmoa daukagu gure konpromisoa hasi eta 60. egunera zuok esperientziarik onena bizitzeko behar duzuenarekin bat egiten gabiltzala bermatzeko, eta edozein aldaketari edo kexari erantzuna emateko”.

Bitartean, eduki gehigarrien bidez armak eta elementuak gaineratzen jarraitzen dute; izan ere, bihar bertan argitaratuko da ordainpeko Chemical Agents Premium Warbond DLCa.

Helldivers 2 otsailean estreinatu zen PlayStation 5 eta PC plataformetan: Arrowheaden jokoa PlayStation-ek argitaratzen du. Balorazio bikainen artean merkaturatu zuten bai prentsaren aldetik, bai jokalarienetik, baina azken hilabeteetan jokoa alboratzen hasiak ziren.