Tiro joko kooperatibo ezaguna handitzen jarraitzen dute Arrowhead-eko garatzaileek: hiriko girotzearekin batera arma, armadura zein etsai berriak ikusi ditugu.

Helldivers 2 tituluarentzako eduki gehigarri berria aurkeztu eta argitaratu du Arrowhead Game Studios taldeak. Heart of Democracy izenpean, Superlurrera eramango gaitu, azkenik, debaldeko espantsioak.

Demokrazia banatzen dabiltzanen amesgaiztorik larriena dela diote arduradunek: Illuminate estralurtarrak Superlurrera iritsi, eta guztia suntsitzen hasiak dira. Helldiverrak etxera itzuli beharko dira, beraz, hiri erraldoiko kaleetan munstroei eta alienei aurre egiteko helburuarekin.

Earth Defense Force sagan argi eta garbi oinarritu dira espantsioa prestatzerakoan: mapa osoan hiria bakarrik ikusiko dugu, eta, arerio erraldoien aurka eginez, Sandlot taldearen intsektuen aurkako borrokak gogora ekarriko dizkigu.

Planeta babesteko kanoi boteretsuak aktibatzea izango da gure helburua oraingoan, baina kontu handiz ibili beharko gara, kaleetan herritar babesgabeak ikusiko baititugu. Galdutako bizitzak zigortuko direla diote gure nagusiek.

Adabaki handiak bioma berria ekarri digu, baina joan den astean berrikuntza ugari inplementatzen zituen eguneratze txikiagoa ikusi zuten Helldivers 2ren jokalariek. Illuminate arerioak, pertsonalizatzeko armategia, ibilgailuentzako itxura berriak eta dendarentzako aldaketak ikusi ditugu, guztia, Heart of Democracy espantsiorako prestatzeko.

Tiro joko kooperatiboa iaz kaleratu zen PlayStation 5 eta PC plataformetan. Sekulako arrakasta lortu ondoren, gaurkotze polemiko batzuek kritika gogorrak eragin zituzten zaleen artean; zorionez, arazoak konpondu, eta, beste behin, indar betean dabiltzala dirudi.

Heart of Democracy estreinatuko da dagoeneko Helldivers 2n.