Orain arte estreinatutako eduki gehigarri guztiekin ikusiko dute Xboxekoek. PlayStation-en tiro joko multijokalari ospetsua PS5ean zein PCan joka dezakegu dagoeneko.
PlayStation eta Arrowhead Game Studios enpresek jakitera eman dutenez, Helldivers 2 Xboxera eramango dute. Abuztuaren 26an Xbox Series kontsoletan merkaturatuko da zerbitzu erako (GaaS) tiro jokoa.
Jokalarien komunitatea zur eta lur utzi duen mugimendua da; izan ere, Xboxera heltzen den lehen PlayStation markako titulua izango da. Harritzekoa da, baina baita ulergarria ere: GaaS titulu arrakastatsua izanik, mikroerosketekin irabazi handiak eskaintzen dizkio Sony-ri, eta, aldi berean, ez da PlayStationen IP ezagunetakoa edo mitikoetakoa.
Ezagutzen ez duzuenontzat, galaxiatik demokrazia banatzera sakabanatzen diren Helldiver soldadu berezien rola jokatuko dugu, bakarka zein beste hiru lagunez osatutako taldeetan. Spaceship Troopers film maitatua inspirazio iturritzat hartzen duen girotzearekin, umorea, biolentzia eta estetika futurista uztartzen ditu Arrowheaden bideojokoak.
Etengabe aldatzen eta eguneratzen doan kanpaina da, ziurrenik, tituluaren zutabe nagusia. Gaurkotzeen bidez misio eta erronka desberdinak azalduko zaizkigu, baina ez ditugu bakarrik gainditu beharko: galaxia osoko jokalarien elkarlana ezinbestekoa izango da fakzio desberdinen aurrean garaipena eskuratzeko.
Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, planeta anitzetan lurreratuko gara gure taldearekin eskatzen zaizkigunak betetzeko: propaganda sareak suntsitzea, bonba nuklearrak jaurtitzea, eta, nola ez, demokrazia hedatzea. Izaki estralurtarren, robot hilgarrien eta bestelakoen kontra ariko gara gure helburuak lortu nahian.
Xboxeko bertsioa orain arteko eduki guztiekin merkaturatuko dutela aurreratu dute egileek. Ez dira gutxi, PS5eko eta PCko bertsioak iazko otsailean estreinatu zirenetik eguneratze handi zein txiki ugari jaso baititu Helldivers 2k, planetak, armak, abileziak eta itxurak gehituta. Duela aste batzuk argitaratutako Heart of Democracy doako espantsioak, adibidez, Superlurrera eraman gintuen lehen aldiz.
Microsoft-en kontsolakoak ez dira bakarrik ariko, gainera: bertsio guztien arteko joko gurutzatua (cross play) baieztatu dute Arrowheadekoek.
Bere gorabeherekin, Helldivers 2k ikaragarrizko arrakasta lortu du: hamabost milioi salmentak gainditu ditu PS5ean eta PCan; azken honetako Steam bertsioan, egunero 45.000 bat jokalari biltzen direla ikus dezakegu, 60.000 inguru, asteburuetan.
Xbox Series X zein S kontsolek abuztuaren 26an jasoko dute Helldivers 2.
Iruzkinak